Erreportajea

Isiltasuna entzunarazteko

Josu Artutxa Dorronsoro 2025ko urt. 16a, 19:59

Gorrak diren bi lagunek furgonetaz Marokon egindako bidaia kontatzen du 'Isiltasunetik' dokumentalak; urtarrilaren 24an aurkeztuko dute Leidorren.

Marrakexera (Maroko) joaten den oro nekez itzultzen omen da etxera Jama el Fna plaza eta inguruko zokoak, Atlaseko mendiak edota Merzougako basamortua bisitatu gabe. Zentzumen guztiak pizten dira gune horietan. Itziar Agirrebarrena lizartzarra eta Enrike Zeberio tolosarra Aste Santuan izan ziren Marokoko hirian, baina beraiei entzumena ez zitzaien piztu. Gorrak dira biak, eta erabateko isiltasuna izan zuten.

Hala ere, liluratuta itzuli ziren etxera. Ezin izan zuten plazako zalaparta entzun, ezta hiriko anabasa sentitu ere; aldiz, mila usain, kolore eta zapore sumatu zituzten, eta mendietako paisaiaz gozatzeko eta basamortuko lasaitasuna arnasteko aukera izan zuten. Baina, orduan nolakoa da mundua hotsik eta soinurik gabe? Isiltasunetik zer entzuten da?

Galdera horiei eta gehiagori erantzuten diete Agirrebarrenak eta Zeberiok Isiltasunetik dokumentalean, horretarako irudiak eta kontakizunak filmatzen izan baitziren Marrakexen. Telmo Basterretxea zinemagilea eta Koldo Agirre argazki zuzendaria ditu buru Marokon bizitakoak kontatzen dituen lanak. Guztira, 60 ordu ekarri zituzten filmatuta.

Agirrebarrenak eta Zeberiok gidari eta keinu hizkuntzako interpreteek lagunduta egin zuten bidaia. Tartean izan ziren Iosu Iztueta bidaiari tolosarra eta Iker Iriarte gidari alegiarra. Gerora, Juantxo Zeberio musikari tolosarrak ere parte hartu du dokumentalaren ekoizpenean eta jatorrizko musikan. Gainera, Tolosako Antxon Bandres Bidaiarien Txokoak eman dio egitasmoari gorputza eta euskarria. Iaz, Joxe Takolo beka jaso zuen proiektuak, eta datorren urtarrilaren 24an, ostirala, aurkeztuko dute dokumentala Leidor aretoan, 20:00etan hasiko den emanaldian. Sarrera doakoa izango da.

Iztuetak 21 urte zituela ezagutu zituen Agirrebarrena eta Zeberio. Psikomotrizitate eskolak ematen zizkien. «Nola edo hala komunikatzen ginen», gogoratu du. «Gerora, errealitate desberdinetan bizi izanda ere, beti izan gara gertuko. Hala ere, pentsatu nuen polita izan zitekeela berrogei urte geroago elkarrekin bidaia bat egitea, elkarrengana gehiago hurbiltzeko, beste kultura, paisaia eta jende batzuk ezagutzeko, eta, aldi berean, beraien isiltasun horretatik, munduari nola begiratzen dioten gizarteari ikusarazteko», gaineratu du.

Bidaiari tolosarrak uste du dokumentalak lagundu dezakeela gorren errealitatea ezagutarazten, keinu hizkuntza ikastearen garrantzia azpimarratzen, beren isiltasun hori entzunarazten. «Gorren bizitzaren, ezintasunen eta aldarrikapenen berri ematea du helburu. Gizartea sentsibilizatzea da gure asmoa; ikusleak haien lekuan jartzea lortu nahi dugu. Hain hurbil dugun eta hain ezezagun zaigun munduari leiho bat ireki nahi diogu, eguneroko bizitzan borroka etengabea duten bi pertsona hauen bidaia kontatuz». Aitortu du «konplexua» izan dela dokumentala egitea: «berezko zailtasunez gain, arazoak izan dira edizioan, aldiro interpreteak behar zirelako».

Elkar ulertzearen garrantzia

Zortzi lagun joan ziren furgoneta berean. Bidaia «oso intentsoa» izan zela adierazi du Iztuetak. Zeberio eta Agirrebarrena lehen aldiz izan dira Marokon. Lizartzarra bi aldiz pasa zen lehenago bertatik, Saharara bidean. Marokon bertan, Basterretxeak kamera zahar eta txiki bat utzi zion Zeberiori. «Keinu hori oso motibagarria izan zen niretzat, bidaiaz modu biziago batean gozatzeko askatasuna eman zidan», esan du tolosarrak.

Kamerarekin, baina, susto txiki bat izan zuten Imlil herrixkan. Hala azaldu du Agirrebarrenak: «Enrike irudiak grabatzen ari zen, eta bat-batean, gizon batzuek inguratu zuten. Polizia sekretuak ziren. Josuk, tartean sartu eta egoera lasaitzea lortu zuen, baina ondoren, grabatutako irudiak ezabatzera behartu gintuzten. Gero, bidaian zehar une hura gogoratzean, barreari ezin eutsi egoten ginen, baina tentsio eta zalantza handiko uneak bizi genituen».

Izan ere, entzuterik ez duena nola komunikatzen da lurralde arrotz batean? Bada, bidaian zehar, bertako gorrekin hartu-emana izan dute Agirrebarrenak eta Zeberiok. «Oro har, komunikazioa erraza da guretzat; keinu hizkuntza desberdinak ezagutzen ditugu. Hala ere, Marokon, elkarren artean oso desberdinak diren errealitateak bizi dituzten gorrak ezagutu ditugu, eta bakoitzaren bizi-esperientziaren eta hazi den ingurunearen arabera, komunikazioa aldatu egiten da», azaldu du tolosarrak. «Haien keinu hizkuntzaren eta gurearen artean badira desberdintasunak, baina gure artean komunikatzean, bi entzuleren artean baino zailtasun gutxiago izan ditugu», gaineratu du lizartzarrak.

Hain justu, Iztueta eta Iriarte ere keinu hizkuntza praktikatzen jarri zituzten, Mind mahai-jokoan aritu zirenean. «Ahozko hizkuntza ez erabiltzea erabaki genuen, eta gogoan dugu hitzez esan nahi zutena mimikaren bidez adierazteko egin behar izan zuten ahalegina. Interesgarria izan zen». Horrelako momentuek «dokumentalaren garrantzia ulertzeko» balio dutela iritzi dute.

Biek eskerrak eman nahi dizkie Iztuetari, «gonbidapenagatik eta gidari gisa emandako laguntzagatik eta azalpenengatik». Interpreteak ere eskertu nahi dituzte: «Komunikazioa erabatekoa zen bi norabideetan, 24 orduz. Haiek gabe informazioa modu laburtuan jasoko genuke eta ezin izango genuke elkarrizketetan aktiboki parte hartu. Luxuzko bidaia izan da, eta oso aberasgarria».

Isiltasunetik dokumentalaren kartela eta trailerra:

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!