Urtarrilaren 24an proiekzio berezia izango da Leidor aretoan: Isiltasunetik dokumentala estreinatuko dute, gorrak diren eskualdeko bi pertsonak Marokon zehar egindako bidaia baten bidez, entzumenaren eta isiltasunaren arteko elkarbizitza hizpide duen lana.
Itziar Agirrebarrena Beldarrain lizartzarra eta Enrike Zeberio Berger tolosarra dira filmeko protagonista nagusiak; gorrak dira biak jaiotzetik, eta Josu Iztueta eta Iker Iriarte bidaia-gidarien laguntzarekin 2023ko Aste Santuan Marokora egindako bidaia du oinarri. Marrakexeko Jamaa el Fna plazako zalaparta, Atlas mendikateko lasaitasuna, Merzougako basamortuaren isiltasun eta bakea… Nolakoa da, ordea, mundua soinurik gabe? Hori bistaratuko du dokumentalak. Izan ere, Enrikek eta Itziarrek Marrakexko plazan edota basamortuan gauza bera entzuten dute: erabateko isiltasuna.
Hari mutur asko ditu lanak: gorren eta entzumena dutenen arteko bizikidetza, interpreteen zubi lana, Marokoko gorren komunitateko kideekin izandako esperientzia… Protagonisten hitzetan, bidaian murgiltzearekin batera, entzuleak gorren azalean jartzea eta haiek sentitzen dutena sentiaraztea dira dokumentalaren helburu nagusienak. «Oso esperientzia polita izan da entzuleak eta gorrak elkarbizitzea. Hala ere, askotan ez gaituzte kontuan hartzen, eta beraz, oso garrantzitsua da dokumentala, beharrezkoa den sentsibilizaziorako», adierazi dute Agirrebarrenak eta Zeberiok.
Lau hanka, bost gurpil
Josu Iztueta bidaiariak azaldu duenez, «beste mundu bat ezagutzeko aukera» eman dio lan honek. Aspalditik buruan nuen bueltaka galdera bat: «Nola biziko ote lukete beste lurralde bateko eta beste kultura bateko esperientzia beraien isiltasunetik? Bidaia labur bat egitea zen asmoa, ahal bazen, kontrastez betetakoa, eta horregatik aukeratu genuen Maroko. Orain, gizarteari erakutsi nahi diogu nola begiratzen dioten munduari isiltasunetik».
Zortzi lagun joan ziren furgoneta berean. «Lau hanka jarri genizkion proiektuari, eta horiek, ondoren furgonetako lau gurpilak izan dira. Lehen hanka edo gurpila, Enrike eta Itziar dira. Bigarrena, Iker eta biok. Gu laurok, ordea, ezer gutxi egingo genuen Eskuaire Komunikazio Bitartekaritzako Oihana eta Bego interpreteak etorri ez balira. Berebiziko garrantzia izan dute bidaian, guztiok elkar ulertzeko. Azkenik, laugarren hanka edo gurpila, hori guztia grabatu zuten Telmo eta Koldo izan dira. Azkenik, Tolosara etorritakoan bosgarren gurpil bat ere behar izan genuen, eta ez ordezkoa, noski. Juantxo Zeberio izan zen hori, dokumentaleko soinu banda konposatu duelako. Beraz, talde lan bat izan da».
Gorren artean errazago
Iztuetak egin moduan, keinu hizkuntzako interpreteen lana goraipatu dute Agirrebarrenak eta Zeberio gorrek: «Bidaian entzuleen eta gorren arteko elkarbizitza posible izan da beraiei esker, bestela bi mundu horiek ezingo liratekeelako hain erraz ulertu. Marokoko esperientzian ikusi da, nahiz eta Euskal Herrian eta Marokon hizkuntza eta kultura desberdinak izan, hemengo eta hango bi pertsona gor elkartzean, identitate bereko bi pertsona elkartu garela. Hango keinu hizkuntzaren eta hemengoaren artean desberdintasunak daude, baina errazagoa da bi gor komunikatzea bi entzule baino».
Telmo Basterretxeak zuzendu du lana. «Hasieratik argi nuen aukera oso polita zela. Ez nuen gorren komunitatea batere ezagutzen, eta estilo honetako lan bat egitn dudan lehen aldia izan da. Jabetu naiz komunitate oso handia osatzen dutela, eta beraien erraminta nagusia keinu hizkuntza dela. Marokon ginela, gor bat azaltzen zenean, Enrike eta Itziarrekin hizketan hasten zen. Guk beraiek baino zailtasun handiagoak izan genituen bertakoekin komunikatzeko, eta oso deigarria izan zen hori. Komunitatea bizirik dagoela ikusi genuen».
Dokumentalaren sortze prozesuan izandako gorabeherak aipatu ditu Basterretxeak: «Aldez aurretik pentsatu ditzakezu zenbait egoera, baina gero hara joan eta ez dute funtzionatzen. Bat-batekotasun handiko lana egin behar izan dugu. Prestatu gabe dauden grabaketa asko agertzen dira dokumentalean; ia dokumentalaren zati handiena da. Horrek freskotasun handia ematen dio». Edizioa eta muntaia, baina, «uste baino luzeagoa eta konplexuagoa» izan da Iztuetaren hitzetan.
Gonbidapenak, aurrez
Antxon Bandres Bidaiarien Txokoak sustatutako proiektua da, eta iaz, mendizaletasunarekin lotutako proiektuak garatzea helburu duen Azpeitiako Joxe Takolo beka ere irabazi zuen. Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Tolosako Udalaren babesarekin ondu dute dokumentala. Andu Martinez de Rituerto alkateak eskerrak eman dizkio proiektuaren parte diren guztiei: «Guretzat plazerra eta ohorea da proiektu honen babesle izatea».
Dokumentalaren proiekzioa 20:00etan izango da, eta ondoren solasaldia egingo da proiektua landu duten protagonistekin. Keinu hizkuntzako interpretazio zerbitzua izango da. Ikuskizunerako gonbidapenak doan eskuratu daitezke, Leidorreko leihatilan.
Argazkia: Tolosako Udala.