Irati Lakunzak jaso du Gipuzkoa Kirolak Saria

Ataria 2024ko abenduaren 26a

Jokin Altunak ere errekonozimendua jaso du bere lorpenengatik. Olinpiar Jokoen urtea izanik, aurten lehian izan den John Cabang eta aurretik urrea lortu zuen Xabi Fernandez ere sarituak izan dira.

Gipuzkoako Foru Aldundiak antolatuta, Gipuzkoako Kirolgala egin berri da Ficoban, eta bertan Irati Lakunza hegats igerilari tolosarra izan da saritua, emakumezkoen Gipuzkoa Kirolak Saria jasoz. Saria jasotzean, Lakunzak hegats igeriketari balioa eman zion, eta baita ere bere moduan egunero gogor entrenatu eta euren burua gainditzen saiatzen diren kirolariei. Gizonezkoen saria Iñigo Llopis igerilari paralinpikoak jaso zuen.

Bestalde, Jokin Altuna amezketarra saritua izan zen aurten egin dituen lorpenengatik. Hirugarren buruz buruko txapela lortu du pilotariak, eta aurten hamar urte bete ditu profesional bezala, guztira lehen mailako zortzi txapel eskuratuz. Iñaxio Errandoneak jaso zuen saria bere ordez.

Aurten Parisen Olinpiar Jokoak izan direla gogora ekarriz, Gipuzkoako Foru Aldundiak bertan izan ziren kirolariak nabarmendu zituen, tartean John Cabang atleta irurarra. Horrekin batera, inoiz urrea lortu duten gipuzkoarrak omendu zituen, tartean Xabi Fernandez ibartarra.

Bozka bitartez emandako Gipuzkoarren Kirola saria Naroa Zubimendi arraunlariak jaso zuen; 23 urtez azpiko munduko txapeldunordea izan zen aurten. Sari horretarako hautagaien artean eskualdeko kirolari ugari zeuden. 

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!