Eskualdeko hainbat kirolari, Gipuzkoarren Kirola sarirako hautagai

Ataria 2024ko abe. 12a, 11:00

John Cabang, erdian, Parisko Olinpiar Jokoetan. @FOTORUNNERS

Gipuzkoako Foru Aldundiaren Kultura, Lankidetza, Gazteria eta Kirol Departamentuak aitortu egin nahi ditu «kirolariek eta gure lurralde historikoko kirol-eremuarekin zerikusia duten pertsonek kirolaren alde etengabe egiten duten lana», sariak emanez: Gipuzkoa Kirolak (gizonezkoak eta emakumezkoak) eta Gipuzkoarren Kirola 2024.

Hori dela eta, Lurraldeetako Kirol Federazioek, Gipuzkoako Foru Aldundiko Kirol Zerbitzuarekin lankidetzan, hautagaiak proposatu dituzte bi sarietarako, eta tartean daude eskualdeko hainbat kirolari. Gipuzkoarren Kirola sari herrikoia da, eta abenduaren 15eko 24:00ak baino lehen bozkatu dezakete herritarrek, Gipuzkoa.eus webgunearen bitartez. Gipuzkoako Kirol Gala abenduaren 20an egingo da eta hor emango da sarien berri.

Eskualdeko hautagaietako bat Jokin Altuna pilotari amezketarra da, aurten buruz buruko hirugarren txapela lortu ostean. Judo Klub Tolosako Unai Saralegi tolosarra eta Unai Regillaga amezketarra dira beste hautagai batzuk; Nage No Kata modalitatean hirugarrenak izan dira Europako Txapelketan eta bigarrenak Munduko Txapelketan. Klub bereko Joseba Regillaga amezketarra eta Joseba Etxarri tolosarra txapeldun bilakatu dira 23 urtez azpiko Munduko Txapelketan. Hautagaien artean dago ere Garikoitz Iruretagoiena zizurkildarra, urpeko jardunetan apnea estatikoan brontzezko domina lortu ondoren Munduko Txapelketan. Bestalde, Irati Lakunza hegats igerilari tolosarra Munduko Txapelketaren finalean izan zen.

Beste izenetako bat Intza Egiguren anoetarra da, futboleko 19 urtez azpiko Europako Txapelketa irabazi ondoren. Inko Oruesagasti amezketarra ere zerrendan dago, gimnastika erritmikoan zilarrezko domina lortu ostean gizonezkoen oinarrizko banakakoen Espainiako Txapelketan.

John Cabang atleta irurarrak ere bere lekua du zerrendan. Brontzezko domina lortu du Asiako Txapelketan 60 metro hesidunetan, eta laugarren izan da Asiako Jokoetako 110 metro hesidunetan; hemezortzigarrena Munduko Pista Estaliko Txapelketan, 60 metro hesidunetan, eta hogeigarrena Olinpiar Jokoetan, 110 metro hesidunetan.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!