Tolosaldeko Landa Komunitateen Garapen Programa 2025-2030 eperako osatzeko lanketa egin du aurten Tolomendik. Datozen urteetako helburuak, estrategiak eta ekintza nagusiak identifikatu ditu prozesuan; horretarako, uda aurretik, girotze saioak antolatu zituzten eta, udazkenean, eragile, erakunde, elkarte eta sektore desberdinetako kideekin batera ekin diote parte hartze prozesuari. Galdera bati erantzun nahi diote: «Landa eremuan, hiriaren garapen ereduaren kopia bat sustatu behar dugu edota landa eremuaren berezko balioetan oinarritutako garapen eredu propio bat?».
Landa garapena, komunitatearekin harreman etengabean ulertzen dute Tolomendiko kideek eta pertsonekin lotu nahi dute landa eremuaren geroa. Lehentasun batzuk markatu dituzte hasteko eta azaroan abiatutako prozesuan 40 parte hartzaile baino gehiagorekin batu ziren Tolosako kultur etxean egindako saioan; udal ordezkariak, erakundeak, baserritarrak eta herritarrak elkartu ziren. Hiru dira jorratuko dituzten ildo nagusiak: zaintza, jarduera ekonomikoa eta energia; eta, azkenik, tokiko elikadura sistema.
Diagnostiko partekatua
Diagnostikoa osatzeko eragile ezberdinekin banakako elkarrizketak egingo ditu Tolomendik epe motzera, eta neguaren ostean hiru saio monografiko egingo dituzte lehentasunetako bakoitzaren inguruan hitz egin eta ildo bakoitzaren plangintzak zer emango duen ikusteko. Tokiko elikadura sistemaz ariko dira urtarrilaren 21ean Amezketan; energiari buruz otsailaren 3an Orexan; eta ongizatea eta zaintza landuko dute Asteasun otsailaren 17an. 2025eko inauterien ostean azken saioa egiteko asmoa dute prozesua ixteko, plangintza bera aurkezteko, lantalde eta dinamika ofizial egiteko eta horren ondorioak gizarteratzeko.
Tolomendiko kide diren udalek diru sail bat gorde dute prozesuan finkatuko dituzten lehentasunak egikaritzeko. Modu horretara ekintza plan xehatua izango du eskura landa garamen elkarteak, hurrengo urteetako helburu nagusiak zehaztu ondoren.
Aurrez aurreko saioez gain, web orriaren bitartez ekarpenak egiteko aukera zabaldu du Tolomendik.
Trebatu: lehen sektorean erreleboa bermatzeko
Lehen sektorean beren proiektu profesionala garatu nahi duten ekintzaileei zuzendutako Trebatu proiektua aurkeztu dute aurten. Belaunaldien arteko errelebo faltari aurre egitea da ekimenaren helburu nagusia, lehen sektorean ekin nahi duten pertsonak eta errelebo bila dabiltzan ustiategiak elkarrekin lotuz.
Lehen edizio honetan, zazpi trebalari dabiltza Gipuzkoako hainbat ustiategitan beren proiektuak garatzen. Eskualdean, Bidania-Goiazko Amalarre baserrian dabil Ruben San Pedro babarruna ekoizten, eta Villabonan, berriz, Alain Ramosek oilo haztegia jarri du.
Baserritar Misto Profesionala ekimena
Gipuzkoako Foru Aldundiko Lurralde Oreka Berdeko Departamentuak Baserritar Misto Profesionala ekimena jarri du martxan lehen sektorearen belaunaldi erreleboa bermatzeko helburuarekin.
Lehen sektorean jarduera profesional bat garatu nahi duten pertsonei laguntza eman nahi diete, enpresatik esparru horretara modu jasangarrian igarotzeko, prozesu honetan bi lanak uztartuz. Horretarako, ekimenak % 50eko lanaldi-murrizketa aurreikusten du, interesdunak jarduera hori baserriko lanekin bateragarri egin ahal izan dezan modu profesionalean, diru sarrerak bi jardueretatik etor daitezen.