Baserritarren traktoreak kalean

Ataria 2024ko abenduaren 26a

Otsailean lehen sektoreko zenbait langile kalera atera ziren protesta egitera. Landa eremuko herritarrentzat bizimodu duin baten alde mobilizazioak egin zituzten Europako zenbait tokitan. Besteak beste, Europako merkatu libreko akordio guztiak bertan behera uzteko, salmenta prezioek gutxienez kostua estaltzeko eta nekazaritza politiken aplikaziorako mekanismoak arintzeko eskatu zuten. Baserritarretako batzuek 2030erako Agendaren aurkako aldarriak ere eraman zituzten euren protestetan.

EHNE eta ENBA sindikatuek deialdia «errespetatu» arren, ez zuten protesta babestu, «mezu askorekin» bat egonik ere, «proposamen zehatzagoak» planteatu nahi zituztelako. Horrela, martxoaren 1ean euren mobilizazioa egin zuten. Baserritarrak  Gipuzkoako hainbat lekutatik, tartean Tolosaldetik, Donostiara joan ziren, Gipuzkoako Batzar Nagusien aurrean beraien eskaerak plazaratzeko.

Bi sindikatuek agintari publikoei eskatu zieten elkarlanerako bidelagun izan daitezen, arazoak konpontzeko aktibo izanik eta ez kontrara hauen sortzaile. Gainera, gobernantza sistema iraunkor eta eraginkorra adostea eskatu zieten erakundeei. Prozedimenduak arintzeko Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta sektoreko ordezkarien arteko lantaldea osatzeko proposamena ere egin zuten.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!