Tolosako inauterietako astelehen goizaldean Ertzaintzak hiru gazte zauritu zituen foam jaurtigaiekin; haietako bat, Xuhar Pazos billabonatarra. Jaurtigaietako batek Pazos kolpatu eta begian zauritu zuen eta, gaur egun, begi horretatik ez du ezer argirik ikusten.
Inauterietan, otsailaren 13 egunean bertan, egin zuten lehen mobilizazioa gertakariak gaitzesteko eta polizia indarkeria jasan zutenei elkartasuna adierazteko eta, ordutik, askotarikoak izan dira elkartasun keinuak. Ezbeharra gertatu eta bi astera sortu zuten Xuhar Herri Plataforma eta eragile horrek ordezkatu du, besteak beste, Xuhar Pazosen aldeko jarduna. Une hartatik hona, hilabetez hilabete hainbat agerraldi egin dituzte zer gertatu zen argitzea exijitzeko eta polizia indarkeriarekin amaitzeko eskatzeko.
Gaur egungo egoera
Ertzaintzaren ikerketan ondorioztatu zuten agenteek «protokoloa bete» zutela eta esku hartzea «proportzionala» izan zela. Eta azaroaren amaieran epaileak kasua artxibatzea erabaki zuen, Pazosek deklaratu aurretik.
Azaroaren 15ean hartu zuen alta, baina plataformatik nabarmendu zuten ebakuntzek eta errehabilitazioek ez dutela balio izan «otsailaren 12an eskuineko begian galduarazi zioten ikusmena» berreskuratzeko. Halaber, salatu dute kalte ezeztaezinak eragin dizkiotela Xuhar Pazosi, besteak beste, lente kristalinoa apurtzea.
Legebiltzarreko bozketetan EH Bildu tolosaldean nagusi
Apirilean izan ziren Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak eta, eskualdean, EH Bildu izan zen alderdi bozkatuena. Eskualdeko herri guztietan gailendu zen, Albizturren izan ezik, eta duela lau urte baino ia 2.400 boto gehiago eskuratu zituen, guztira.
Tolosaldean EAJ izan zen bigarren indar bozkatuena, eta herri bakarrean irabazi zuen, hain zuzen, Albizturren. Eskualdeko gainerako herri guztietan bigarren indarra izan zen, eta guztira, duela lau urte baino ia 400 boto gutxiago jaso zituzten apirilean jeltzaleek.
Aurtengo Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetan %61,73ko parte hartzea izan zen Tolosaldean, zehazki, 2020. urtean baino baino %5,64 altuagoa.
Orain Errepublikak eskualdean irabazle Europakoetan
Ekainean, Europako Legebiltzarrerako hauteskundeetan, Tolosaldean, Orain Errepublikak koalizioak lortu zituen boto gehien, zeina, besteak beste, EH Bilduk, ERCk eta BNGk osatzen duten. Koalizio hori izan zen hautagaitza bozkatuena eskualdeko herri guztietan, Albizturren izan ezik; bertan bederatzi botoengatik aurreratu baitzitzaion CEUS koalizioa.
Eskualdean bigarren hautagaitza bozkatuena EAJ barnebiltzen duen CEUS koalizioa izan zen, eta herri gehienetan lortu zuen bigarren indar izatea. Tolosaldeko 36.503 biztanlek izan zuten boto eskubidea Europako Legebiltzarrerako hauteskundeetan, eta horietatik, 17.848 joan ziren hauteslekuetara. Abstentzioa duela bost urte baino 18 puntu altuagoa izan zen.