Urtekaria 2024

Indarkeriak baditu milaka aurpegi

Ataria 2024ko abe. 23a, 10:00

Osteopataren aurkako salaketen harira, indarkeria jasan duten emakumeen aldeko elkarretaratzea. J. ARTUTXA

Aurten Euskal Herrian sei emakume erail dituzte eta, Tolosaldean, hainbat eraso izan dira; horiek salatzeko mobilizazioak egin dituzte, eta aldarrikapenez bete kaleak Martxoaren 8an eta Azaroaren 25ean.

Itzal luzea eta askotariko aurpegiak ditu indarkeria matxistak, eta 2024a ere ez da izan horren salbuespen. Euskal Herrian, gutxienez, sei emakume hil dituzte hamabi hilabete hauetan; eta eskualdean ere dozenaka eraso gertatu dira, horien artean, Tolosako osteopataren sexu erasoak, Adunako prostituzio etxe batean, gutxienez, hemezortzi emakumek jasandako sexu esplotazioa eta, besteak beste, sare sozialetan salatutako Irurako zein Tolosako erasoak.

Urtarrilean atera zen argitara gizon bat atxilotu zutela Tolosako osteopatia-kontsultategi batean sexu-erasoagatik bi salaketa jaso ostean. Bidea urratu zuten lehen biek, izan ere, azkenean, guztira eskualdeko hamar emakumek salatu dute osteopatak erasoak egin zizkiela. Otsailaren 2tik behin-behinean atxilotuta dago osteopata. Egun horretan, epaitegian deklaratu zuten haren aurka salaketa jarritako lau emakumek, eta baita berak ere. Epaileak espetxeratzeko agindua eman zuen, ihes egiteko arriskua zegoela argudiatuta.

Egutegiaren hurrenkeran

Kronologiari jarraiki, atzera Tolosa orbandu zen inauterietan, beste hainbat eraso izan zirelako: bi gizon atxilotu zituzten hiru emakumezkori sexu-askatasunaren aurkako delituak egiteagatik, eta eraso homofobo bat izan zela ere salatu zuten.

Eta hari berari tiraka iritsi zen, uztailean, salaketak eta aldarrikapenak kaleratzeko hurrengo arrazoia, anoetar batek Bilbon jaso zuen eraso homofoboaren harira.

Hilabete inguru geroago, berriz, abuztuko lehen astean Adunatik iritsi zen berria: Espainiako Poliziak hemezortzi emakume askatu zituen, sexu esplotazio eta droga trafikoarekin zerikusia zuen operazio batean. Poliziaren arabera, emakumeak prostituzio etxe batean bezeroekin sexu-harremanak izatera behartzen zituzten, eta tabernako jabea atxilotu egin zuten.

Eta urtearen azken hiruhilekoan ere nabarmendu dira indarkeria matxistaren aurpegi gehiago. Urriaren hasieran gizonezko bat atxilotu zuten Tolosan sexu-askatasunaren aurkako delituak egotzita. Eta hilabetea bukatzerako beste bi aurpegi: batetik, Tolosako kiroldegian gizon batek emakume bati eraso egin ziola salatu zuten; eta, bestetik, Tolosa CF klubetik entrenatzaile bat kanporatu zuten, jazarpen kasu bat baino gehiagorekin lotuta haren aurkako salaketak argitara atera ostean.

Urteari paparreko iluna, berriz, sare sozialek jarri diote: Instagramen @denuncias_euskalherria kontua zabaldu eta erasoen ehundaka testigantza bildu dituzte. Bada, horietako hiruk egiten diote erreferentzia eskualdeari: batek Iruran haurrak jazartzen ari zen 16 urteko mutil baten kasua salatzen zuen; eta beste bik Tolosako tatuatzaile bat aipatzen dute.

Eraso eta erantzun

Eraso bakoitzaren aurrean, ordea, salaketa eta aldarrikapen mobilizazioak egin dituzte, besteak beste, herrian herriko udalek, mugimendu feministak eta Itaiak. Hori horrela, eskualdeko indarkeria kasuak salatzetik harago, mobilizazioak egin dituzte aurten Euskal Herrian hil dituzten sei emakumeen erailketen harira, eta kaleak aldarrikapenez bete zituzten nola Martxoaren 8an, Emakumeen Nazioarteko Egunean; hala Azaroaren 25ean, Indarkeria Matxistaren Aurkako Nazioarteko Egunean.

Erlazionatuak

Martxan da Andragora

Ataria abe 23, 10:00 Tolosaldea

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!