Joan den asteburuan Usurbilen (Gipuzkoa) jokatu dute Euskal Herriko ezti lehiaketa eta ezti argien kategorian lehen saria eskuratu du Ibarrako Ibai Ormaetxea erlezain eta eztigileak. Duela hamar bat urte hasi zen Ormaetxea erlezain, eta produktuak azoketan saltzen, berriz, hiru bat urte daramatza. Donostian eskaintzen ditu produktuak, Tolosako azokan ere jartzen du postua hilabeteko bigarren larunbatetan eta, igandean, Tolosaldeko ezti lehiaketan hartuko du parte, Altzon. Duela bi urte, 2022an, Ormaetxeak txapela jantzi zuen Tolosaldeko ezti lehiaketan.
Zer esan nahi du zuretzat Usurbilgo saria jasotzeak?
Pozik hartu dugu saria. Askotan lanak gain hartuta ibiltzen gara, eta halako keinuek poza ematen dute. Xelebre xamarra izan zen, ez nuelako bertan egoterik izan. Baina ez nuen espero eta anaiak albistea eman zidanean, poz handia izan zen.
Zein da ezti on bat egiteko gakoa?
Mila sekretu egongo dira. Ni saiatzen naiz produktua eta erleak txukun zaintzen eta ahalik eta modurik naturalenean egiten. Saiatzen naiz kea belarrekin egiten, erleak asko ez estutzen, kaxak oso maiz ez zabaltzen...
Beste produkturik ekoizten duzu?
Hiru kategoria ditu Euskal Herriko txapelketak: mila lore eztia, ezti argia eta iluna. Hiruretan aurkeztu nuen ezti bana; baina urtez urte ekoizpena aldatu egiten da. Horrez gain, propoli eztia eta polena ere saltzen ditut.
Altzon izango zara lehiaketan. Aurreikuspenik egiten ausartuko zinateke?
[Barrez] Tolosaldean faboritoa Elduaingo Nazabal izaten da. Urte asko daramatzate eta beti sartzen da lehenengo hiruren artean. Apustu egin beharko banu, Elduaingo Nazabal aukeratuko nuke.
Usurbilen jasotako sariak konfiantza emango dizue, ezta?
Bai, bai. Aitortza bat da, azkenean. Dena dela, sariak jasotzeak baino konfiantza gehiago ematen du bezeroak asetzeak. Urte erdiz erletan aritzen naiz, eta beste erdiz, produktuak saltzen eta neguko lanetan; erleak zaintza gehiena udaberrian eta udan eskatzen baitu. Orduan, azokara itzultzen naizenean beti dago beldur puntu hori, ea bezeroek errepikatuko duten edo ez. Momentuz itzultzen dira, eta hori da konfiantza gehien ematen dizun keinua. Gertukoek ere esan izan digute eztia oso ona dagoela.
Jendeak ba al du eztia erosteko ohiturarik?
Badago ohitura, bai. Eztiarekin gertatzen dena da batzuek oso gustuko dutela; eta, beste batzuek, berriz, batere ez. Beti esaten dut oso gustukoa ez bada ere, behintzat, dastatzeko. Ezti mota asko daude, eta bat ez bada bestea gustatuko zaie gehixeago. Euskal Herriko txapelketako bereizketa hori egokia da: mila lore eztia, argia eta iluna; ezaugarri ezberdinei sari bana ematen dietelako.