Olentzerotan jakin-minez egitaraua azokarekin hasiko dute

Aitor Arroyo Askarai 2024ko abe. 5a, 07:58

Iazko Altzoko azokan, zenbait bezero postu baten aurrean. LEYRE CARRASCO

Igandean, abenduaren 8an, izango da azoka eta, guztira, 48 postu jarriko dituzte; merkatuarekin batera Tolosaldeko ezti lehiaketa ere jokatuko dute egun berdinean.

Urteroko azoka igandean, hilaren 8an, egingo dute Altzon eta, guztira, 48 postu jarriko dituzte. Merkatuak zortzigarren edizioa izango du aurten eta badu berezitasun bat ere, hain zuzen, Tolosaldeko ezti lehiaketa jokatuko dutela. Urtez urte plazan jarri izan dituzte postuak, baina iganderako eguraldi iragarpena dela-eta, «ziur asko» frontoian jarriko dituztela aurreratu du Xabier Olano herriko alkateak.

Azoka 10:00etan zabalduko dute, eta 14:00ak bitarte egongo dira postuak bertan. Olanok adierazi du urtero izaten dituztela arazoak trafikoarekin eta bertaratzeko asmoa dutenei «pazientzia eta ulermena» eskatu dizkie.

Denetariko postuak
Aurrez aipatu bezala, 48 postu izango ditu merkatuak eta, horietatik, erdiak gastronomiarekin lotutako produktuenak izango dira. Horiez gain, ordea, alkateak azaldu du «askotariko» postuak ere egongo direla, zeinak, besteak beste, artisauen eta herritarren produktuak izango dituzten. 

Olanoren hitzetan lekua ematen diete herriko produktuei: «Bertako baserrietako produktuak egongo dira, jakiak eta herri gazteek ere jartzen dute posturen bat. Saiatzen gara, ahal den heinean, herrian ekoiztutako produktuei lekua ematen». 

Igandeko merkatuarekin hasiko dute Olentzerotan jakin-minez egitaraua eta, hortik aurrera, hainbat jarduera antolatu dituzte herritarrentzat, horien artean, Biharraren hegietan olerki liburuaren errezitaldia, hainbat sukaldaritza tailer eta Palestinari buruzko hitzaldia.

Tolosaldeko ezti lehiaketa
Azokan «ohiko postu bat» izaten da eztiarena eta, aurten, merkatua egitetik harago, Gipuzkoako Erlezain elkartearekin elkarlanean Tolosaldeko ezti lehiaketa ere jokatuko dute abenduaren 8an. Hori gutxi ez, eta txapelketa egitearekin batera, jendaurrean jarriko dituzte erlezaintzan eta eztigintzan erabiltzen diren tresnak.

«Abaraskak jartzen dituzte, eta kaxaren bat ere bai, erleak bizirik ikusteko», horrela hitz egin du Altzoko alkateak, eta gehitu lan horren nondik norakoak jendeak ezagutzeko «oso baliagarria» izango dela.

Erlazionatuak

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!