Tolosako Udalak bat egin du Trianguloan deitutako elkarretaratzearekin, «gure gaitzespenik irmoena adierazi nahi dugu Euskal Herrian gertatu den azken erailketa matxistaren aurrean», adierazi dute. Amasa-Villabonako Udalak herriko mobilizazioan parte hartzeko deia egiteaz gain, Pasaiako Udalaren Adierazpen Instituzionala berretsi du: «Bizi duguna, eta bizitzen ari garena, oso lazgarria da, eta gure herrian eragindako kolpea, oso gogorra. Indarkeria matxista lehen mailako gaitza da. Jendarte osoari eragiten dio, egunero dugu horren berri, eta gaur gertatutakoa horren adibide garbia da». Honenbestez, babesa eta elkartasun osoa adierazi diote emakumearen senideei, eta «egoera gertutik bizi izan duten herritarrei».
Tolosaldeko Itaiak Tolosako Euskal Herria plazan egin du elkarretaratzea. Eraildako emakumearen ingurukoei elkartasun osoa azaldu nahi izan die. «Heriotzarena muturreko adierazpen bat bada ere, egunerokotasunean indarkeria pairatzen jarraitzen dugu emakumeok. Eguneroko ogiak dira ukituak, lekuz kanpoko esaldiak, zein mota ezberdinetako jazarpenak», gaineratu dute Itaiatik. Erakundeak ere kritikatu dituzte, «politika feministez bustitzen dira, baina emakume langileok jasaten dugun zapalkuntzak eta indarkeriak bere horretan dirau». Modu independentean antolatzeko beharra aldarrikatu dute Itaiatik, «emakume langileon aurkako eraso ororen aurrean erantzun eraginkorrak hedatuz».