Haize-boladak arrastoak utzi ditu eskualdean

Leyre Carrasco 2024ko aza. 24a, 15:12

Indar handiarekin jo du haizeak goiz osoan zehar eta eragina izan du eskualdean; lurrera eroritako adarrekin izan da begi-bistakoa nonahi. Euskalmetek jakinarazi duenez,  Zizurkilen 104 kilometro orduko haize boladak neurtu dituzte.

Haize bolada oso gogorrak espero ziren gaurko, eta halaxe izan da. Goiz osoan zehar indar haundiarekin jo du haizeak eskualdean eta kalteak eragin ditu. Lurrera eroritako adarrak ikusi daitezke nonahi, bereziki landa eta mendi inguruetan, eta zenbait enbor ere hautsi ditu haizeak. Esaterako, Villabonan trafikoa eten behar izan dute zuhaitz bat errepidera erori ostean, Zizurkilen etxebizitza bateko teilatua erori da eta kafetegi batean beiratea puskatu zen eta Amezketa zein Orendainen arazoak dituzte hornidura elektrikoarekin. Gaur, azoka eguna zuten Larraulen, eta hori ere bertan behera utzi behar izan dute.

Eusko Jaurlaritzaren Segurtasun Sailak jakinarazi duenez, 12:30ak arte, 197 gertakari izan dira haize-boladek eragindakoak; horietatik sei Araban izan dira; Bizkaian 53; eta Gipuzkoan 138.

Bihar goizaldeko 6:00ak arte abisu horian jarraituko dugu eskualdean, 80-100 kilometro ordutik gorako haize-bolada arriskuagatik. Hori dela eta, Eusko Jaurlaritzako Larrialdiei Aurre Egiteko eta Metereologiako Zuzendaritzaren aholkuak jarraitzeko eskatu zaie herritarrei. 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!