Alerta horia ezarri dute biharko, haizete handiagatik

Ataria 2024ko azaroaren 23a

Elosegi parkea itxita egongo da gaurtik, haizeteagatik.

Eusko Jaurlaritzak alerta horia ezarri du biharko, haizete handiengatik. Herritarrei Segurtasun Sailaren gomendioak jarraitzeko eskatu diete. Tolosan, esaterako, Elosegi parkea itxita egongo da, gaur arratsaldetik.

Haize zakarra iragarrita dago biharko, eta horren aurrean Eusko Jaurlaritzako Larrialdiei Aurre Egiteko eta Metereologiako Zuzendaritzaren aholkuak jarraitzeko eskatu zaie herritarrei. Esaterako, prebentzioko neurriak hartzea: ateak ixtea, eta leihoak eta olanak finkatzea zein loreontziak eta kalera eror daitezkeen gauza guztiak kentzea.

Mendira ez joateko gomendioa luzatu dute. Eta kanpoan egonez gero, erlaitzetatik, hormetatik, zuhaitzetatik edo publizitate-hesietatik urruntzeko gomendioa luzatu dute. Honez gain, aldamioak, garbiak eta obretako bestelako elementuak finkatzeko eskatu du Segurtasun Sailak.

Errepideko joan-etorriak saihestea gomendatu dute; eta atera behar izanez gero, aldez aurretik metereologia baldintza zehatzei buruzko informazioa eskuratzea aholkatu dute.

Eta azkenik, itsasaldean egonez gero, urrundu beharra dago haize gogorrek eragin ditzaketen olatuen eta mareen eragina jasan dezaketen lekuetatik. Itsasontzirik ez erabiltzeko oharra luzatu du Segurtasun Sailak, amarrak berrikusteko eta urteko kirolik ez egiteko.

Edozein larrialdiren aurrean, 112ra deitu behar dela gogoratu dute Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailetik.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!