Belabietako batailaren eremuko lurraren azterketa egin dute

Ataria 2024ko aza. 6a, 07:59

LIDAR izeneko teknologiarekin lurraren azterketa sakona egin dute eta lubaki, kanpaleku eta parapetoen arrastoak topatu dituzte.

Tolosako setioa eta 1873ko abenduaren 9ko Belabietako bataila aztertzeko Aranzadi zientzia elkartearen ikerlanaren barruan lurraren azterketa sakona egin dute orain, LIDAR (Light Detection and Ranging) sistema erabilita. Orografiaren gainean defentsa-sistemaren elementuak karakterizatu ahal izan dituzte, hala nola, lubakiak, kokaleku eta kanpalekuak. Gertaera historikoari buruzko azterlanean sakontzeko Amasa-Villabonako eta Tolosako udalek sustatu dute LIDAR sistemaren erabilera eta Euken Alonso Geomatikako ingeniariak zuzendu du.

Drone LIDAR hegaldi bat egin ondoren, 80-100 hektareako azalera duen Lurraren Hiru Dimentsioko Eredu Digital bat egin dute. Ikertzaileek baieztatu dute sistema egokia dela hau horrelako testuinguruetan lurraren azaleran arrastoak aztertzeko. Alonsok azterlanaren ondorioetan azpimarratu du bilatzen ari ziren ebidentziak behar bezala erregistratuta eta dokumentatuta geratu direla: «Ebidentzien definizioaren argitasunak, hala nola, lubaki eta parapetoen zangek, bi fronteen kokapena, aurrera egitea eta tropen arteko borroka hobeto ulertzen laguntzen digute».

Azterlanaren emaitzetan zenbait elementu ikusi dituzte ikerlariei «zalantza» eragin dietenak, esate baterako, zanga-lerro edota ahurtasun batzuk. «Testuinguru zehatzik ez dute, baina, ziurrenik, batailan gertatutakoekin lotu daitezke», aipatu du ondorioetan Alonsok. Zalantza horiek argitzeko ikerketarekin aurrera egin beharra berretsi du.

Gauza bera gertatu zaie Belabietatik gora dagoen forma elipsoidaleko zangarekin. Haren jatorria ez dago argi, baina forma, kokapena eta eraikuntza-metodoa erromatarren kanpamendu militarretan erabilitakoen antzekoa da. Hipotesi hori mahai gainean jartzeko, 2020an Aranzadik Leaburuko Euletxara gainean aurkitutako kanpamendu erromatarra aipatu du Alonsok, «ezaugarri berekoak» baitira biak.

LIDAR sistema erabilita egindako azterketa hau abiapuntua izango da ikerketan hurrengo urratsak egiteko. Alde batetik, Belabieta mendian gertatutako ulertzen lagunduko du hainbat artxibotan dokumentazio historiko gehiago bilatzeak; eta bestetik, oraindik argitu gabe dauden zalantzak argitzeko, orain topatutako ebidentziek lagunduko dute esku-hartze arkeologikoak planifikatzen eta gauzatzen.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!