ELKARRIZKETA

«Eskualdeko herrietara jo nahi dugu hango artxiboak ikertu eta udal aktak begiratzera»

Ataria 2024ko aza. 6a, 07:58

Belabietako bataila eta Tolosako setioarekin lotutako dokumentuak bilatzeko, eskualdeko herri guztietako artxibo eta udal aktak ikertzeko laguntza eskatu du Karlos Almorzak.

2021ean abiatu zuen Aranzadi zientzia elkarteak Belabietako batailaren inguruko ikerketa zientifikoa. Historian doktore den eta Aranzadiko kide den Karlos Almorza Arrieta (Andoain, 1959) ari da proiektua gidatzen.

Zer nolako ekarpena egiten dio Belabietako batailaren inguruko ikerketari LIDAR teknologiarekin egindako azterketak?

Aurreko urteetan aritu gara mendian eta arrasto batzuk topatu izan ditugu. Belabietan gertatzen da zelai batzuk oso garbi daudela baina beste batzuk berriz sasiak hartuta. LIDAR izeneko teknologiak aukera eman digu lur azaleraren argazki digital bat izateko. Oso gustura gaude emaitzarekin. Euken Alonsok lan ikaragarri ona egin du.

Aurkikuntza berririk ekarri al du LIDAR teknologiaren erabilerak?

Espero baino emaitza gehiago eman ditu. Itxura guztien arabera, kanpamendu erromatar baten arrastoak ere agertu dira Belabietako buelta guztian. Guk ez genuen horrelakorik espero. Nirekin indusketetan ibiltzen diren boluntarioek, Puskasek eta Txirritak, esana zuten arrasto horiek bestelakoak zirela, arraroak zirela. Baina inolaz ere ez genuen pentsatzen erromatar garaikoak izango zirenik. Orain, konprobatu egin beharko da, baina zantzuak badaude; are gehiago Leaburun, Euletxaran, antzeko egiturak topatu direla, Belabietatik oso gertu. Seinale, erromatarrak duela 2.000 urte hemen inguruan zebiltzala.

Belabietako batailarekin lotuta zer nolako egitura topatu dira orain?

Guk Elduainen topatutako dokumentuetan irakurria genuen nola bidaltzen zuten jendea Belabietara parapetoak egitera. Orain parapeto horien hondarrak ikusi ditugu LIDARrarekin. Gero, ahurtasun edo sakonune batzuk ere agertu dira. Ez dakigu zertarako erabiltzen zituzten, edo armak gordetzeko, edo batailak irauten zuen bitartean bertan babes hartzeko edo gaua pasatzeko, adar eta hosto batzuekin estalita. Hori ikertu beharreko beste gauza bat da. Guk bidea zabaldu dugu baino atzetik beste batzuk baldin badatoz ikerketa egitera gu pozarren egongo gara. Jende gaztea teknika berriarekin dator eta hori ikerketaren mesederako da.

Ebidentzia horiek eskatzen dute urrats gehiago maila arkeologikoan?

Guk seinalatu ditugu dagoeneko, orain Aranzadiri pasako dizkiogu emaitzak eta ikusiko dugu zein pauso eman. Uste dut aukera berri asko ematen dituela teknologia honek. Pentsa horrelakoren bat izan bagenu Saseta Defentsa Sistema ikertzeko, ez genuke ibili behar izango, 10 urtez, hemen zulatu eta han zulatu, aztarna bila.

Argituta al dago Belabietako batailaren testuinguruan zeinek egin zuen zer?

Hasi gara gauzak argitzen. Gauza asko gertatu zirela esan dezakegu eta goi mailako ikerketa zientifikoa eskatzen du horrek. Karlismoaren ikerketa ez da behin ere lurrera jaitsi. Hirugarren Karlistaldian, esate baterako, Gipuzkoako herri guztiek ekonomikoki lurra jo zuten. Bando batek zein besteak isunak eta zergak kobratzen zizkieten herritarrei, beti ere, mehatxupean. Liberalak Loma jeneralari laguntzera etorri zirenean indar guztiarekin sartu ziren hemen eta sarraski handiak eragin zituzten. Gupidarik gabe aritu ziren, gerraren lege guztiak ahaztuta eta mendeku gosez.

Orain arte topatutako dokumentuetatik zer azpimarratuko zenuke?

Dokumentu asko topatu ditugu, eta ziur nago, gehiago izango direla. Horietan denetan azpimarratzekoak dira emakumeen aurka egiten ziren jazarpenak. Beti bezala, gerra garaian zigor bikoitza jasotzen dute emakumeek. Bortxaketak, umiliazioak, atxilotzeak eta hilketak egin zituzten 1873ko batailaren testuinguruan.

Ikerketan sakontzeko zein pauso emango duzue orain?

Ikerketa oraindik ez dugu bukatu, artxiboen hustuketa bat egin behar da. Amasa-Villabonan eta Gipuzkoako Artxibo Orokorrean topatu ditugu dokumentu asko. Konturatu gara batailaren eremu geografikoa zabaldu egiten dela. Topatu ditugu herri asko eta askotako erreferentziak eta orain eskualdeko herrietara jo nahi dugu hango artxiboak ikertzera eta udal aktak begiratzera. Tolosaldeko 28 udalei laguntza eskatu diegu hori egiteko. Badakigu, adibidez, Anoeta eta Hernialdeko artxiboak erre egin zituztela garai horretan. Historiak bere metodologiak ditu eta ikerketa bururatzeko, artxibo horiek denak arakatu behar dira, bestela ezin da lana amaitutzat eman. Aukera on bat dugu.

Zein aukera ematen ditu, bada, Belabietako batailak?

Oraindik ere badaude lan arkeologiak egin beharrekoak, LIDAR teknologia erabilita ikusi ditugun emaitzek erakutsi dutenari jarraituz. Dena den, ni ez naiz inor zer egin behar den eta zer ez erabakitzeko. Baina uste dut Belabietako batailak aukera ikaragarria ematen duela gaztetxoekin pedagogia egiteko. Han gora joan, zer gertatu zen azaldu eta gertuko historiaren inguruko argibideak emateko aukera ematen du. Zer esanik ez auzolanean, gazteekin, egin daitezke beste hainbat lan, hango lubakiak berreraikitzeko. Asko ikasi daiteke. Belabietako ingurune guztian ibilaldiak ere prestatzeko aukera hor dago. Historia oinarritzat hartuta gazua asko landu daitezke.

Almorzarekin batera Belabietan boluntario taldea ari da lanean, tartean, Jose Luis Iraola Puskas eta Jexux Bidaola Txirrita.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!