Bidania-Goiatz eta Ikaztegietako Kutturru garaile

Ataria 2024ko urr. 28a, 17:15

Asteburuan hasi da Gipuzkoako Areto Futbol Elkarteak antolatutako Gipuzkoako Herri Txikietako Areto Futbol Liga; Bidania-Goiatzek 12-5 irabazi zion Leaburu-Txaramari, eta Ikaztegietako Kutturru taldea 2-6 gailendu zen Itsasondoko Ijitok taldeari.

Bost talde ari dira parte hartzen Gipuzkoako Herri Txikietako Areto Futbol Ligan, horietako hiru Tolosaldekoak; Bidania-Goiatz, Leaburu-Txarama eta Ikaztegietako Kutturru taldea. Liga asteburuan hasi da, Bidania-Goiatzen, hain justu. Bidania-Goiatzek Leaburu-Txarama izan zuen aurkari eta 12-5 bukatu zen neurketa. Bidania-Goiatzek eraman zuen beraz, ligako lehen partida. Norgehiagoka estua izan zen lehen hogei minutuetan, erritmo eta intentsitate handiarekin jokatua. Izan ere, kanpotarrak izan ziren lehen kolpea jo zutenak, eta gero etxekoek partidari buelta eman bazioten ere, kanpotarrak neurketa bi aldiz berdindu zuten. Partida lehen zatiko azken bost minutuetan eta bigarreneko lehenengo bostetan apurtu zen. Tarte horretan zulo handia zabaldu zuten bidaniar-goiaztarrek, eta hortik aurrera maldan behera izan zuten partida, garaipena erdietsiz. Aipatu behar da Bidaniko pilotalekuko harmailak ia beteta zeudela.

Igandean jokatu zen ligako bigarren partida. Itsasondon jokatu zen eta herriko bertako Ijitok taldearen eta Ikaztegietako Kutturru taldearen aurkakoa izan zen. 2-6 bukatu zen neurketa, ikaztegietarren alde; lehen hiru puntuak lan asko eginda irabazi zituen. Etxekoak atzean ongi itxi ziren, zirrikituak ondo babestuz eta kanpotarrek baloia izan arren, lanak izan zituzten zuloak topatzeko. Lehen zatian kanpotarrek bi gol egin eta 0-2 emaitzarekin joan ziren atseden hartzera. Bigarrenaren hasieran Hamedek lortu zuen 0-3koa, eta bazirudien neurketa erabakita gera zitekeela, baina goierritarrek gora egin zuten, bi gol denbora gutxian lortuz, eta berriro ere neurketan sartuz. Azken txanpan apurtu zen partida, orduan lortu baitzituen Kutturruk bere azkeneko hiru golak.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!