Gipuzkoako Areto Futbol Elkarteak (GAEL) aurten lehenengo aldiz Gipuzkoako Herri Txikietako Areto Futbol Liga antolatu du, helduen mailan. Aurreko urteetan gaztetxoekin egiten zen liga eta aurtengoan helduekin egingo da. «Aurreko bi urteetan kopa formatuan izan da lehiaketa, eta aurtengoan asmoa zen hori handitzea eta liga egitea», zehaztu du Jon Leunda GAELeko arduradunak.
Egitura aldetik «oraindik txikia» izaki, «asmoa sei bat talderekin abiatzen zen, baina azkenean bostekin geratu gera», esan du Leundak, «eta alde horretatik ez gaude gaizki». Tolosaldeko hiru talde izango dira, Bidania-Goiatz, Ikaztegietako Kutturru eta Leaburu-Txarama; Goierritik Itsasondoko Ijitoak, eta Debabarrenatik Itziar.
Liga eta gero kopa jokatuko da eta hor berriro zabalduko dute aukera talde gehiagok parte hartzeko. «Iazko talde batzuk ez dute aurtengo ligan parte hartuko, eta beste batzuk nahiko dudan geratu dira, ez dutelako taldea osatu liga luzea egiteko. Horiei aukera emango zaie kopan parte hartu ahal izateko», esan du Leundak.
Asteburuan hasiko da liga. Bidania-Goiatzen jokatuko da lehen partida, larunbatean, Bidania-Goiatz eta Leaburu-Txarama artean, 19:00etan hasita. Igandean bigaren partida jokatuko da, Itsasondon, 11:00etan, Itsasondoko Ijitoak eta Ikaztegietako Kutturru taldeen artean. Liga bi astez behin jokatuko da. «Ikusten da kirol amateurrean arazo handi bat dagoela, batez ere, taldea osatu ahal izateko arazoa, eta hori ekidin ahal bi asteko margena uzten dugu», argitu du Leundak. «Horrekin partidak atzeratu edota aurreratu daitezke. Ahal dela ez, baina beste aukerarik ez badago, margen hori badugu». Beste erronka bat beraien epaileak izatea zen eta hori lortu dute. «Bi egonkor daude, eta beste bi ere badaude behar izanez gero. Lau izatea ez dago gaizki, ikusita zer arazo dauden gaur egun epaileekin». Asmoa dute pixkana hasten joateko: «Garbi genuen behetik gora joan behar dugula. Aurten apal hasiko gara eta ea pixkana aurten sartu ez diren eta zalantzan geratu diren talde guztiak sartzeko modua egiten dugun. Liga bukatzen denean kopa jokatuko da, eta horrekin emango zaio bukaera».
Bestalde, Gabonetan asmoa dute nazioarteko txapelketa bat egiteko, 21 urtez azpikoekin zein helduekin. «Harremanetan gaude, baina oraindik ez dugu inor lotuta, baina horretan ari gara», esan du Leundak.
Areto futbolak une honetan hiru federazio ezberdin ditu. Gipuzkoako Futbol Federazioak eramaten duena, Areto Futbol Elkartea (AMC), eta Areto Futbol Federazio. «Gure elkartetik jaso dugu Espainiako Txapelketan parte hartzeko gonbita, ekainean jokatzeko, eta hori aztertzen ari gara».
Azkenik, aurten lehenengo aldiz egin nahi dute 4x4 torneoa, Ikaztegietan, hilabetean behin jokatzeko, eta hor ere ikusiko dute zenbat talde animatzen diren. «Erronka bezala geratu zaiguna da nesken txapelketa egitea», azaldu du Leundak. «Saiatu gara nesken taldeak ekartzen, eta ez dugu lortu. Gero Kopa izango da apirila aldera eta ea hor lortzen dugun gutxienez talde batzuk sortzea. Gure erronka izango da gehitzen joatea, hazten joatea, eta nesken liga martxan jartzea».