Hirugarren eta laugarren final-laurdenak jokatu dituzte asteburuan Gipuzkoako Bertsolari Txapelketaren barruan eta bi saioetan eskualdeko bertsolariak atera dira garaile. Azkoitiko Baztartxo antzokian Unai Mendizabalek batu zituen puntu gehien eta Irungo Ficoban, berriz, Oihana Iguaranek. Ziurtatuta daukate finalaurrekoetarako sailkapena eta ikuskizun dago Tolosaldeko beste bi bertsolariek hurrengo fasean aritzeko aukera izango ote duten.
Igandean Leidorren gertatzen denaren zain geratu beharko dute Iñigo Gorostarzu Etxorde-k eta Beñat Iguaranek.
Mendizabalek saio erregularra egin zuen Azkoitian eta horri eskerrak 485,5 puntu eskuratu zituen. Paretsu aritu ziren bertsolari gehienak eta hori erakusten du hirugarren final-laurdeneko puntuazioak: Mendizabalekin berdinduta bigarren sailkatu zen Asier Azpiroz eta, haiekin biekin, hamabost puntuko tartean sartu ziren Ane Labaka, Eli Pagola eta Oier Etxeberria. Atzerago geratu zen Maialen Akizu.
Labaka zen faboritoa larunbateko saioan –duela bost urteko finalista gisa zuzenean sartu da txapelketako final-laurdenetan–, baina ofizioetan saio irregularra egin zuen eta bakarkakoan nabarmendu zen gehienbat; tratu txarrak jasan eta bizilekuz aldatu behar izan duen emakumearen paperetik kantatu zuen. Mendizabalek ere utzi zituen ale ederrak, zortziko nagusian, zortziko txikian eta baita ganbarakoan ere. Honenbestez, zizurkildarrak, azaroaren 24ko finalaurrekoan kantatuko du Zarauzko Aritzbatalden, besteak beste, Alaia Martinekin batera.
Iguaran maila gorenean
Martin izan da, orain arte, final-laurdenetan puntu gehien batu dituen bertsolaria –531,5 eskuratu zituen Eibarren–, baina gertu sailkatu da Oihana Iguaran amasarra. 517,5 puntu lortu zituen igandean bertsotan maila handia eman ondoren. Ariketa guztietan asmatu zuen eta goia jo zuen, esate baterako, zortziko handiko eta hamarreko txikiko ariketetan. Ficoban bildutako entzuleek txaloz eskertu zioten ahalegina.
Laugarren final-laurdenean koska bat beherago sailkatu ziren Amaia Iturriotz, Eneritz Artetxe, Eñaut Martikorena eta Aner Peritz Euzkitze. Azken honek ganbarakoan egin zuen erakustaldia genero trantsizioaren inguruko hiru bertso gogoangarri botata. Bakarkako hori izan zen igandeko saioko puntuatuenetakoa eta, dudarik gabe, txalotuena.
Behin igandeko saioa irabazita Iguaranek Arrasateko finalaurrekoan kantatuko du, datorren abenduaren 1ean. Egun horretan argituko da zein zortzi bertsolari igoko diren Ilunbeko finaleko oholtzara.
Sailkapenari begira
Modu batera, igande honetan , Tolosan jokatuko den azken final-laurdena ere erabakigarria izango da. Orduan jakingo dira hurrengo fasean kantatuko duten 18 bertsolarien izenak. Seguru dute tokia Iguaran eta Mendizabalekin batera, Alaia Martinek eta Beñat Gaztelumendik. Igandetan Leidorren saioa irabazten duenak ere zuzeneko pasea lortuko du eta gainerako 13 bertsolariak puntuazioaren arabera erabakiko dira.
Fase honetan ari diren eskualdeko beste bi bertsolariak, momentuz, sailkapenaren barruan daude; 455 puntu ditu Iñigo Gorostarzu Etxorde-k eta 451,5, berriz, Beñat Iguaranek. Igande honetan, Tolosan, bigarren sailkatuak puntuazio hori baino baxuagoa eskuratu beharko luke berastegiarra eta amasarra finalaurrekoetan aritu ahal izan daitezen. Zaila dirudi, baina ez ezinezkoa.
Igandean jokatuko den azken final-laurdenean Aitor Tatiegi, Andoni Rekondo, Iñigo Mantzisidor Mantxi, Maider Arregi eta Nerea Elustondo arituko dira, 17:00etatik aurrera, Leidor aretoan. Igotz Alkorta zizurkildarra izango da gai jartzailea. Bertara joan nahi dutenek Bertsosarrerak.eus atarian izango dituzte sarrerak eskuragai.