Nahi den, edo kabitzen den, neurri eta doinuan kontakizuna egiteko hiru doinu desberdin erabiliko ditut herriz herri joateko.
Azkoiti Azpeitiko, karlisten bertsoekin Joseba Tapiak sortutako zortziko txikia lehena. Izan ere Azkoitian, Baztartxon, genituen larunbatean sei bertsolari. Oso kideak, oso gertukoak seiak ere. Hiru 32 urteren bueltan eta hiru 28 urte ingurukoak. Ea horrela izan zen saioa, oso orekatua, oso gustagarri… eta oso ona azkenean, sei bertsolariek ere ederki eraman baitzituzten jarritako ariketak. 8ko handian bakoitzak posizio bat defendatu beharrean. 10eko txikian paretik abiatuta elkarlanean egitekoa, puntua emanda erantzuteko zailtasuna (hemen gutxien asmatu zuten lekua) 8 txikian bixi aritzeko aukera eta bakarkako lana ganbaran, bakoitzak nahi duen gaiari heltzekoa. Propio jarri dut nahi den gaiari, horrela ikusten baitut nik. Lehengo asteko kronika honetan bertsolari gazteari gaiaren zabaltasuna gustatzen eta niri berriz hausnarketarako, mezuetarako, aukera galtzen ari ote garen, eta interes gehiena zertaz, zeri buruz arituko den ote dagoen eta ez zer esango duenean. Gehiegi luzatu gabe baino eztabaidarako gai polita dugu. Hala ere aitortuko dut Azkoitikoan gaiaren zabaltasunak bazuela marko estu bat eta gustatu zitzaidala, gaia eta bertsolarien erantzuna. Eta irabazlea? Unai Mendizabal? Zizurkildarra ederki aritu zen. Erregular esan didate askok, baino erregular maila horretan bikain aritzea da. Ez zuen bertso bakar bat alperrik galtzen utziko. Denak onak, baleko puntu erantzunen bat kenduta. Eta ofiziotan heldulekuak, irtenbideak bilatuz… Zortziko txikia gustatu zitzaidan gehien. Bakarkakoan berriz sorpresarik gabe eta aitzakiarik gabe. Ondo osatutako hiru bertso planteamenduan konplikatu gabe eta esan nahi zuena txukun esanez.
Oso sendo Unai, Zarautzen entzungo dugu finalaurrekoetan, eta hor sartzeak bi urte barruko Txapelketa Nagusian kantatzeko aukera emango dio. Lehen helburua ondo beteta beraz, helburu berriak jartzeko gai da.
Igandean berriz, Irun badaukazu zerbait Aitor Sarriegik Calamaroren Paloma kantutik moldatutako doinuan sartu ginen areto moderno eta dotorera. Bertsolariak oraingoan puzzle zailagoa osatzen zuten, adinez, eskolaz, estiloz… nahasiagoak ziren. Horrek kolorea eman ziezaiokeen saioari eta horrela izan. Beste saio bikain bat eta hemendik ere seitik bostek egingo dutela aurrera ematen du (Euzkitzek bakarrik eduki dezake kezkaren bat). Oso goitik hasi zela esango nuke, zortziko handian denak ondo, Oihana bikain. Eta hortik aurrera azkar joan zitzaizkigun ariketa guztiak. Oihana hasitako moduan joan zen saio osoan, bertso bakoitza josten. Puntuz puntu, puntadaz puntada betetzen joaten da bertsoa eta oso gustagarri egiten da bai elkarrizketara jotzen duenean bai bere arrazoibideak aurkitzen. Helburua bere buruan, bere gorputzaldian jartzen du Oihanak, hala esan zuen Ataria-ko elkarrizketan. Horra inguratzen bada, erakutsi zuen Irunen helburu gorenetara iristeko kapaz dela. Hain saio beteen, ifrentzua ere eskualdean topatu dezakegu. Finalaurrekoetara pasa ez pasa dauden Iñigo Gorostarzu eta Beñat Iguaran orain kolokan daude. Badute oraindik pasatzeko aukeraren bat baina hainbestek aurrera egiteak asko zaildu die pasea. Saio bakarra geratzen da. Datorren igandekoa eskualde honetan. Azken doinurako aukera.
Zibilak esan naute biziro egoki / Tolosan behar dela gauza erabaki. Leidorren beraz, hurrengo zita, bertan topatuko gara.