Mendekua eta urrezko baloia
Futbolaren historian garaipen handi eta esanguratsu asko izan dira. Futbol zaleon memorian iltzatuta geratu dira batzuk, eta horietako bat 2014ko Munduko Txapelketako finalerdia izan zen. Alemaniak 1 eta 7 irabazi zion Brasili, Maracana zelaian.
Esaera zaharrak ordea, dio mendekua plater hotzean zerbitzatzen dela, zilarrezko bandejan, eta aste honetan halako zerbait gertatu da Europako Txapeldunen Ligan. Asteartean, Madrilek, ohikoa duen moduan, markagailua irauliz alegia, 5 eta 2 irabazi zion Dortmundeko Borussiari. Erasotzeko modu on bat defentsan lan ona egitea dela diote. Jokalari gazteak izanik ere, Bellingham, Vinicius, Rodrygo eta konpainiak, argi utzi zuten zakur zaharrak direla. Ez zela beharrezkoa 60 minututan atzealdean lanik egitea, gero aurrealdean ondo asmatuz gero. Kasu honetan, jokalari brasildar bat nahikoa izan zen talde alemaniar bati hiru gol egiteko. Markagailua irauli, 5 eta 2 irabazi, eta Viniciusek baloia etxera.
Atzo, berriz, Bartzelonan jokatu behar zuen Municheko Bayernek. Talde historikoa, Bartzelonari duela urte batzuk 8 eta 2 irabazitakoa. Lehen minutuan, ordea, babariarrak oraindik Oktober Fest azokan zeudela zirudien, edo Bartzelonako zelai olinpikoaren handitasunarekin txundituta ote zeuden, eta bestela, ez ziren ohartu Hansik alde egin zuela handik, eta jada aurkariaren aulkian zegoela. Kontuak kontu, hemen ere brasildar batek egin zuen lehen gola, baina ez zen azkena izango.
Bayernek, ordea, ez zuen amore eman, eta ondorengo ordu laurdenean nagusi izan zen. Harry Kane Potterrek bi magia truko egin zituen. Lehenengoan, baina, epaileak trukoa asmatu zion. Bigarrenean, atzelariek ez zuten usaindu ere egin, eta banakoa jarri zuen markagailuan. Jokalari garrantzitsua da Kane Bayernen, baina atzo bakarra izan zen. Aurrean, bolada onean dagoen jokalari multzo bat izan zuen: Lewandosky, Pedri, Lamine Yamal, Casadó… eta guztien kapitain, Raphina. Bezperan, selekzioko kideak hiru gol egin zituela? Ba berak beste hainbeste, hirurak ere, txapela kentzeko modukoak. 4 eta 1 Bartzelona nagusi Bayernen aurka, eta aspaldiko mamuak uxatuta geratu dira Herrialde Katalanetako hiriburuan.
Biak ere, ez ziren Maracanako gau historikoan egon, baina argi dago gaur egun Brasileko izar nagusienak direla. Biek mendekua plater hotzean zerbitzatu daitekeela erakutsi diete alemaniarrei. Hori bai, batek zilarrezko bandejan ez ezik, urrezko baloiarekin akaso?
Orain, Klasikoa prestatzea egokitzen zaie. Eta guk ere kirol tertuliako klasikoei heldu behar diegu. Datozela azken ordukoak!