Lehen sektorean beren proiektu profesionala garatu nahi duten ekintzaileei zuzendutako Trebatu proiektua aurkeztu dute. Belaunaldien arteko errelebo ezari aurre egitea da ekimenaren helburu nagusia, lehen sektorean ekin nahi duten pertsonak eta errelebo bila dabiltzan ustiategiak elkarrekin lotuz. Landaola Gipuzkoako Landa Garapen Elkarteen Federazioak, Eusko Jaurlaritzak, Gipuzkoako Foru Aldundiak, Lurgintzak, Abelurrek, Elika Fundazioak, Etorlurrek eta Fraisoro Eskolak elkarlanean sortu dute Trebatu programa.
«Geroz eta ustiategi gutxiago ditugu Gipuzkoan eta arrazoi nagusia da ustiategiek ez dutela euren jardunarekin jarraituko duenik topatzen», aipatu du Edurne Matias Landaolako ordezkariak. Egoera horri buelta eman eta lehen sektorean beren proiektu profesionala garatu nahi duten ekintzaileei –trebalariei–, bi urtez beren ideia edo proiektua garatzeko aukera eman nahi diete Trebatu proiektuarekin. Horretarako dagoeneko ezarrita dauden ustiategietan –trebatze guneetan– euren proiektua probatzeko aukera dute.
Trebatu proiektuaren zutabe nagusietako bat, trebalariek jasoko duten formakuntza integrala da. Programak, prestakuntza teorikoa eta praktikoa uztartzen ditu eta euren proiektua garatzeko beharrezko ezagutza tekniko eta praktikoa ahalbidetzen die trebalariei. Proiektuaren bultzatzaileen esanetan, «lehen egunetik, parte hartzaileak prest egongo dira lehen sektoreko erronkei aurre egiteko».
Bi trebatze gune eskualdean
Lehen edizio honetan, zazpi trebalari dabiltza Gipuzkoako hainbat ustiategitan beren proiektuak garatzen, hala nola, Oiartzunen, Astigarragan, Bergaran eta Irunen. Hainbat azpisektoreetara bideratutako proiektuak dira. Eskualdeari dagokionez, Bidania-Goiatzeko Amalarre baserrian dabil Ruben San Pedro babarruna ekoizten, eta Amasa-Villabonan, berriz, Alain Ramosek oilo haztegia probatuko du.
Xabier Arruti Lurralde Oreka Berdeko diputatuak horrelako ekimenak erakundeetatik bultzatzeak lehen sektorearen belaunaldi erreleboa bermatzeko duen garrantziaz hitz egin du. «Guztion esku dago lehen sektorearen etorkizuna sendotzea, funtsezkoa baita bere jarduera elikadura jasangarria eta Gipuzkoako lurralde-oreka berdea bermatzeko, klima aldaketa bezalako erronken aurrean», esan du Arrutik. Horretarako, beste eragile batzuen erantzukizuna ere eskatu du, hala nola, enpresena edo gizartearena.
Trebatuk zabalik jarraitzen du programan parte hartu nahi duten trebalari eta trebatze gune berrientzat. Lehen sektorean ekiteko interesa duten pertsonek edo belaunaldi erreleboaren bidez ustiategiari jarraipena eman nahi dieten pertsonek, Trebatu programarekin harremanetan jar daitezke trebatu@landaola.eus posta elektronikoan edo 747 473 409 telefonoan.