Nola sortu zaizu Trebatu programan parte hartzeko aukera?
Zerainen nabil Lumagorrik kudeatzen duen hiltegian lanean eta hango arduraduna Trebatu programa kudeatzen duten eragileekin jarri zen harremanetan, Arratzain baserriko haztegia berriro martxan jarri ote zitekeen jakiteko. Baiezkoa eman eta niri eman zidaten aukera; hemen nabil duela hilabete eta erditik.
Bazenuen aurrez harremana baserri munduarekin?
Ni kalekumea naiz, baina txikitatik izan dut harremana baserri munduarekin. Etxe ondoan baserri bat genuen, eta 12 urterekin, auzoarengana joateko ohitura hartu nuen. Gizon harekin ikasi nuen ganadua gobernatzen; goizeko 06:00etan iratzargailua jarri eta animaliei jana ematera joaten nintzen. Hark animatuta Fraisoro Eskolara etorri nintzen erdi mailako gradua egitera, nekazaritza eta abeltzaintzan. Praktikak egin nituen oilategi batean eta orain hemen nabil. Oilaskoekin ez naiz ibili inoiz maila honetan, horrelako haztegi handitan.
Formazioa eta praktika uztartzen ditu programak. Nola gauzatzen da zure kasuan?
Fraisoro Eskolara joaten naiz ostegun eta ostiraletan eta ikastaro batean parte hartzen dut. Nekazaritza jarduera bat abiatzeko beharrezkoak diren argibideak ematen dizkigute, oinarri bat izan dezagun. Bi urtetan gauzatuko da formazioa. Hori da alde teorikoa, gero, Arratzainera etortzen naiz egunero, oilasko haztegira.
Zer nolako harremana duzu Arratzain baserriko nagusiarekin?
Oso ona. Pello 25 urtez aritu da oilaskoak hazten, baina ezinduta geratu eta bi urte egon dira oilategiak geldi. Orain nik ekin diot lanari. Hasieratik beti alboan izan dut. Berogailuak nola jartzen airen eta azpiak nola egiten diren erakutsi dit eta makinaria ere utzi dit. Beti laguntzeko prest egon da.
Zer nolako haztegia dago hemen Arratzainen?
Egun batekin ekartzen ditugu txitak eta hiru hilabeterekin eramaten ditugu hiltegira. 3.600 oilasko daude hiru ukuilutan banatuta, bakoitzean 1.200 inguru. Kanperoak dira. Goizean ateak irekitzen dizkiet eta bakoitza bere esparruan ibiltzen da, libre.
Zein izaten da zure lana?
Belarra moztu eta mantenu lanak egiten ditut egunero. Ziurtatu behar dut ura daukatela eta, jana eman ondoren, azpiak ateratzen dizkiet. Egunean bi bider etortzen naiz. Goizean ateak irekitzen dizkiet, eta gauean, behin ilunduta, itxi; kanpoan geratuz gero, azeriak edo beste piztiaren batek eramateko arriskua egoten da. Hiru hilez behin, oilaskoak hiltegira eramaten ditugunetan, hamabost egun baliatzen ditugu oilategiaren garbiketa egiteko.
Bi urterako programa da Trebatu. Behin bukatuta zein asmo dituzu?
Ez dakit oraindik. Nik erreleboa hartzea izango litzateke ideia, baina ikusiko dugu. Nik nire baserria izateko ilusioa dut. Hala ere, ez da erraza gazte bat baserri batean instalatzea eta aukeretako bat hemen jarraitzea da. Esaten dute oilasko haztegi gutxi daudela Gipuzkoan, eta etorkizuna hortik bideratu dezakedala iruditzen zait.
Gustura zabiltza?
Bai. Nik nahiago dut baserrian egon lantoki batean sartuta egon baino. Beti dago zeregina. Lan sakrifikatua da baina gustura ibiltzen naiz. Ea Trebatu bezalako programa gehiago ateratzen dituzten gu bezalako gazteentzat.