Final-laurdenetan sartu da asteburuan Gipuzkoako Bertsolari Txapelketa, eta fase berriko lehen bi saioak egin dituzte larunbatean eta igandean. Larunbatean Eibarren jokatutako final-laurdenean Alaia Martin nagusitu zen erraz, eta igandean antzera irabazi zuen saioa Beñat Gaztelumendik, Errenterian. 493 puntu eskuratu zuen Gipuzkoako gaur egungo txapeldunak, eta ia 40ren aldea atera zion Berastegiko Iñigo Gorostarzu bigarren sailkatuari (455).
Gainerakoen puntuazioak hauek izan ziren: Amasako Beñat Iguaran (451,5), Unai Gaztelumendi (444), Oihana Arana (440) eta Aitor Salegi (427).
Errenterian irabazita, Gaztelumendi zuzenean sailkatu da finalaurrekoetarako, eta gainerakoek sailkapen orokorraren arabera izango dute horretarako aukera. Hain zuzen ere, bost final-laurdenetako irabazleak eta beste hamahiru bertsolari pasatuko dira hurrengo fasera. Bi saio jokatuta eta eskualdeko bertsolariei dagokienez, Iñigo Gorostarzu Etxorde seigarren dago (455 puntu) eta Beñat Iguaran amasarra zazpigarren (451,5). Larunbatean Azkoitian izango da hurrengo final-laurdena eta bertan ariko da Zizurkilgo Unai Mendizabal Jauregi. Oihana Iguaran Barandiaran amasarra igandean sartuko da txapelketara; Irunen izango du saioa.