Bigarren faseak saioen formatu aldaketa dakar, eta nik behintzat gustura hartu nuen ordena eta ariketen aldaketa, gehienbat ganbarako ariketa azkenerako uzteari dagokionez.
Gainera, ariketak polita izan zuen gauzetako bat denek partekatutako gaiaren zabaltasunari dagokio, bertsolari bakoitzak bere estilotik abestu baitzuen, humoretik zein seriotik, beste inoren kontakizuna errepikatu gabe. Adibidez, Aitor Salegik azterketa garrantzitsu bati buruz kantatu bazuen ere, Beñat Gaztelumendik aitaren zain dagoen ume baten paperetik egitea erabaki zuen. Horrez gain, bigarren faseak duen beste onuretako bat aurreko urteko finalistak kantuan entzuteko aukera da.
Kasu honetan Beñat Gaztelumendiri egokitu zitzaion debuta egitea, hain zuzen bere anaiarekin batera. Txapelketako lehen saioa bazuen ere, ez zuen inongo arazorik izan lan on bat egiteko, maila polita ematen hasi zen hasieratik eta hura mantenduz joan zen saioa irabaziz.
Bestalde, saioa bizia eta azkarra izan zen, zazpiak alderako bukaerako agurrak entzun baikenituen, eta bizi izandako momentu humoretsu guztiek aurrekoa areagotzeaz gain, saioa entzun erraza bihurtu zuten.
Entzuleak gogotsu erantzun zion oholtzatik zetorkion energiari, doinuen bukaerak errepikatuz eta gogotik barre eginez, aretoko giroa goxatuz eta etxekotuz, gaiek ere horretarako erraztasuna eskaini zielarik bertsolariei. Hala ere, bertsoaldi serioagoak egon ziren, eta horiek ere txaloz eskertuak izan ziren.
Eta eskualdean zer?
Iñigo Gorostarzu Etxorde berastegiarrak bere bertsiorik onena aurkezteko asmoz zetorrela argitu zigun hasierako agurrean, eta saio polit batekin bete zuen esandakoa, ofizioetan kideek esanari erantzun eta bakarkako bi ariketetan barre ugari eragin zituen eta, ganbaran AHT-ari harrika egiteko bere asmoak kontatu zizkigunean gehienbat. Beñat Iguaran amasarrak ofizioetan zegokion rola babesten eta ofizioa aurrerantz eramaten jakin zuen, eta bakarkakoan bere lehen zirku ikuskizunaren parte izateko aukera eman zigun.
Lan ona egin bazuten ere ez zuten lortu zuzenean sailkatzea hurrengo fasera, beraz gainontzeko saioen zain egon beharko dugu zer gertatuko den jakiteko. Dena dela, poza eman zidan Harituzek oholtzan izan zuen partaidetza ikusteak, eta pozgarria litzateke hurrengo fasera sailkatzea.