Alegian hainbat kalte eragin ditu euriteak

Aitor Arroyo Askarai 2024ko urriaren 17a

Larraitz auzoan eta Fabrensa industriagunean izan du eraginik handiena denboraleak, ura eta lokatza sartu baitira hainbat garajetan eta pabiloitan.

Atzo iluntzean hasi zen euritea eta «berehala erne» jarri ziren alegiarrak. Larraitz auzoko Pilar Palomares herritarrak azaldu duenez «sekulako soinua» entzun zuten gaueko hamabiak aldera eta ura garaje batzuetara sartzen hasi zela ohartu ziren.

«Sekulakoa izan zen, segituan atera ginen kalera auzotarrak ura sartzen ari zen garajetik gauzak ateratzen laguntzera», horrela hitz egin du Palomaresek urak gainezka egin zuen momentuaren inguruan. Herriko Regina Sorarrain alkateak azaldu du atzo «ordu txikiak» arte aritu zirela lanean eta «jarraitzea» egokitu zaiela goizean ere: «Atzo gauean abisatu nien udaleko langileei eta gaur goizeko zazpietatik hemen gabiltza aurrera eta atzera».

Lekukoek azaldu dutenez, auzoaren gainaldeko maldan luizi bat izan da euriaren eraginez, eta horrek eragin du «kolpetik» gainezka egitea lokatzak eta urak. Lanean jarraitzen dute nola auzotarrek, hala udal langileek, eta alkateak aipatu du «horretan» jarraituko dutela aurrerantzean ere: «Momentu gogorrak izaten ari dira, baina herritarren erantzuna miresgarria izaten ari da. Ea datozen orduetan nolako bilakaera izaten dugun».

Arreta Alegiatik Orendainerako bidean
Euriteen ondorioz lokatza eta harriak jausi dira Alegia eta Orendain lotzen dituen errepidean ere. Bidea moztuta ez badago ere, bertatik igarotzea saihesteko gomendatu dute.

 

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!