Zer da Erakutsiz Ikasi?

Ataria 2024ko urr. 8a, 15:06

Berrobiko ikasleen bisita, 2018an.

Ataria-k, eskualdeko ikastetxeekin batera, 2015ean abiarazi zuen Erakutsiz Ikasi proiektua ikasleen ikasketa prozesuan lagungarri izan daitekeelakoan. Bi helburu nagusi ditu; euskarazko eta tokiko komunikabideen garrantziaz ohartaraztea eta kazetaritzak dituen baloreak eta garrantzia nabarmentzea.

Urte guzti hauetan gure egoitzako ateak ireki ditugu, eskualdeko ikastetxeei eta ikasleei komunikabidearen barrunbeak erakutsi dizkiegu; irratian eta erredakzioan izan dira, eta gure lana zer den eta nola egiten dugun erakutsi diegu. 2019-2020 ikasturtean proiektuari buruzko hausnarketa egin, eta egitasmoari buelta bat ematea erabaki genuen: ikasleak protagonistago egin nahi ditugu, kazetaritzaren mundura gerturatzeko aukera emanez. Izan ere, guretzat ikastetxeekiko harremana mantentzea eta sustatzea ezinbestekoa da eta gure eskaintza aberasgarria delakoan gaude.

Ikasturte honetan ere beraz, Erakutsiz Ikasi proiektuak bi ildo izango ditu: erredakzioa eta geure lana bertatik bertara ezagutu ahal izateko bisitak eta kazetaritzan gehiago sakontzeko aukerari helduz, Astekariko kolaborazioa. Bi aukerak aukeratu daitezke, edota bakarra.

    • Bisitak: ostiralero egingo ditugu eta aurreko urteetan bezala, gazteek erredakziora gerturatzeko aukera izango dute. Gure lanaren eta kazetaritzaren inguruan hitz egiteko aukera izango dugu, eta bukaeran, irratian parte hartzeko aukera izango dute. Ez da zuzenean izango, irratian saio txiki bat grabatuko dugu, eta hurrengo asteko egun batean emitituko dugu. Ikasleek, beraz, ikastetxean bertan entzuteko aukera izango dute. Bisitak egiteko formulario bat bete beharko da, dokumentu honekin batera doana. Bisitak LH3 ikasturtetik aurrera egingo ditugu.

    • Astekariko kolaborazioa (Ataria-ra bi bisita egin beharko dira): Kolaborazioaren helburua ikasleak kazetari lanak egitea da, beti ere, Ataria-ko kazetarien laguntzarekin. Ikasleek Tolosaldeko pertsonaia bat edo Tolosaldeari lotuta dagoen pertsonaia bat aukeratu ahal izango dute, eta Atariak pertsonaia horrekin harremanetan jarri eta irratira etortzeko gonbita luzatuko dio. Elkarrizketak DBH 1 ikasturtetik aurrerako ikasleekin egingo ditugu.

      Tolosaldeko Ataria-ko kazetari batek lagunduko die ikasleei elkarrizketa prestatzen. Ikasleak ostiral batean erredakzioa bisitatzera etorriko dira, eta kazetaritza eta Ataria zer den azalduko diegu, elkarrizketetan azpimarra jarriz. Elkarrizketa bat zer den, nondik jo behar den, dokumentazioaren garrantziaz … ariko gara. Ikastetxean egiteko 'etxeko lana' hori izango da: Atarian jasotako informazioarekin elkarrizketa prestatzea; gidoia osatzea, alegia. Atariak prestatutako gidoia jaso, eta zuzenketa lanak egingo ditu eta berriz ere ikastetxera bidaliko du azalpenekin (beharrezkoa jotzen bada kazetaria ikastetxera gerturatu daiteke azalpenak ematera). Bigarren bisita batean (hau ere ostiral batean) elkarrizketatua ekarriko dugu Atarira. Bizpahiru ikasle aukeratu, eta elkarrizketa egitera gerturatuko dira Ataria-ra. Ondoren, elkarrizketa entzun ahal izango dute irratian (aurrez jakinaraziko da eguna eta ordua ikastetxean bertan entzun ahal izateko). Elkarrizketa horixe izango da gero, Astekarian argitaratuko dena. Ataria arduratuko da elkarrizketa idazteaz. Ikasleek gainera, astekari horretako aleak jasoko dituzte ikastetxean bertan.

Informazio gehiagorako edota izena-emateko ataria@ataria.eus helbidera idatzi edo 943 65 56 95 telefono zenbakira deitu.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!