Indarkeria matxista «lehen mailako arazo sozial eta politikotzat hartzea» eskatu dute

Ataria 2024ko ira. 13a, 19:58

Mugimendu feministak deituta, atzo Bilboko Santutxu auzoan gertatutako erailketa matxista salatzeko elkarretaratzeak egin dituzte Amasa-Villabona eta Zizurkil batzen dituen oinezkoen zubian eta Anoetako plazan.

34 urteko gizon batek 31 urteko emakume bat erail zuen atzo Bilboko Santutxu auzoan. Gertatutakoa salatzeko, mugimendu feministek deituta, elkarretaratzeak egiten ari dira egunotan Euskal Herriko zenbait herritan, baita Tolosaldean ere. Atzo, Itaiak deituta, Tolosan elkartu ziren, eta gaur, Amasa-Villabona eta Zizurkil batzen dituen oinezkoen zubian eta Anoetako plazan egin dituzte mobilizazioak, Euskal Herriko Mugimendu Feministak deituta. Mugimendu feministatik adierazi dutenez, 2024an, indarkeria matxistak Euskal Herrian utzi duen laugarren erailketa matxista da Bilbokoa. «Gure babes eta elkartasun osoa adierazi nahi diegu senide, lagun eta gertukoei. Ez zaudete bakarrik».

Nabarmendu dute urteak daramatzatela salatzen indarkeria matxista egungo sistema heteropatriarkal, kapitalista, arrazista eta koloniala sostengatzen duen egiturazko arazo politiko eta sozial larria dela. «Indarkeria matxistaren azken ondorio lazgarrienak eta ikusgarrienak erailketak badira ere, indarkeria matxistak milaka aurpegi ditu eta gure bizitzako alor guztietan eragiten digu egunerokotasunean. Horren aurrean, neurriak ipini eta arazo larri honi dagokion tamainako dimentsio politiko eta soziala eman beharrean, egungo instituzioen pasibotasun eta jendartearen konplizitatearenn ondorioz, urtez urte, emakumeon aurkako erasoak gorantz doaz».

Indarkeria matxistari aurre egiteko, «lehen mailako arazo sozial eta politikotzat hartzea» eskatu dute. «Egungo jarrera konplizeak alboratu eta bizi garen jendarte antolaketa sexistari aurre egiteko benetako neurriak behingoz har daitezela exijitzen dugu. Gure bizitzak daude jokoan!». Aldi berean, autodefentsa feministarako deia egin dute. «Bizitzaren aldeko apustu erradikala egiten dugu eta badakigu antolakuntza eta autodefentsa izango direla gure tresna eraginkorrenak». Amaitzeko, erantzuteko prest daudela eta martxan jarraituko dutela adierazi dute, «elkarrekin borrokan denak aske izan arte».

Bihar, Tolosan

Bihar egingo du Tolosako Asanblada Feministak protesta, 12:00etan Triangulo plazan. Tolosako udalbatzak aho batez onartu du gaitzespen mezua, biharko mobilizazioarekin bat egingo du, eta herritarrei parte hartzera dei egin die.

Halaber, Tolosako Udalak, herriko mugimendu feministarekin eta eragile sozialekin elkarlanean, indarkeria matxista desagerrarazteko borrokan jarraitzeko konpromisoa berretsi du, indarkeria matxistarik gabeko herri baterantz urratsak emanez. Horregatik, udalak gogorarazi du edozein motatako indarkeria matxista pairatzen duten emakumeek babes osoa eta Tolosako Udalak eta Andragora, Tolosaldeko Emakumeen Etxeak eskura dituzten baliabide zein zerbitzuak eskainiko dizkiela.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!