Bilboko Santutxu auzoan emakume bat hil dute eta hori salatzeko elkarretaratzea egin zuen, atzo, Itaiak Tolosako Trianguloa plazan. Amaierako irakurketan nabarmendu dute heriotza «muturreko adierazpen bat» bada ere «egunerokotasunean» pairatzen dutela indarkeria emakume langileek: «Eguneroko ogia dira ukituak, lekuz kanpoko esaldiak, zein mota ezberdinetako jazarpenak. Horiek kasu isolatuak izaterik haratago, beren funtzioa betetzen jarraitzen dute berdintasunaren alde gero eta gehiago lerratzen den gizarte honetan. Instituzioak politika feministez bustitzen dira, baina emakume langileok jasaten dugun zapalkuntzak eta indarkeriak bere horretan dirau».
Hori horrela, erasoen aurrean «erantzun eraginkorrak» antolatzeko dei egin dute: «Beharrezkoa da erasoak gauzatzen dituzten figurak seinalatzea. Eta argi dugu, beharrezkoa dugula emakumeok egoera horretatik askatzeko baliabide ekonomiko zein sozialak garatzeari ekitea. Guk geuk baino ezin diogulako aurre egin errealitate gordin honi». Horren aurrean «antolatzeko beharra» eta batzeko deia ere zabaldu dute.
Mobilizazio gehiago
Mugimendu feministak, bere aldetik, arratsaldean salatuko du erailketa Villabona eta Zizurkil arteko oinezkoen zubian 18:30ean eta Anoetako plazan, 19:00etan. Bihar egingo du Tolosako Asanblada Feministak protesta, 12:00etan Triangulo plazan. Gogoratu du lau emakume erail dituela indarkeria matxistak 2024an Euskal Herrian.