Elkarbizitzarako deia egin dute

Ataria 2024ko irailaren 6a

Iturria: Landarlan

150 bat pertsona bildu ziren atzo, Zaldibian (Goierri), herritar batek pasa den abuztuan Enirio-Aralar Mankomunitateko lurretan jasandako erasoa salatzeko.

Zaldibiako plazan egin zuten elkarretaratzea, atzo.  150 pertsona inguruk egin zuten bat deialdiarekin, tartean  Enirio-Aralar Mankomunitateko hainbat alkate eta zinegotzik eta Ahal Dugu zein EH Bildu alderdi politikoetako ordezkariak.

Deialdia Landarlan Ingurumen Elkarteak eta Aralar Bizirik taldeak egin zuten. Erasoa jasandako kideari eta bere familiari elkartasuna eta babesa adierazi zieten eta edozein eratako erasoak «erabat onartezinak» direla esan zuten: «Ez du axola zein den pertsona, ezta arrazoia ere. Horrelako jarrerek ezin dute lekurik izan gure jendartean. Horregatik, denok, erakundeetako ordezkari nahiz herritar xume, aho batez gaitzetsi behar ditugu horrelako jokabideak. Hori aldarrikatzeko gaude hemen». Esan zuten ez dela lehen aldia erasoak eta mehatxuak jasotzen dituztela; «2016an pisten eraikuntza abiatu zenetik Aralarren eta inguruan erasoak eta mehatxuak izan dira. Ez dugu zalantzan jartzen horrelako jokabideak gutxiengo baten kontua direla, baina era berean, oso deigarria egiten zaigu pertsona horiek duten inpunitatea eta babesa».

Aurrerantzean antzerako egoerarik ez errepikatzea espero dute eta elkarbizitza aldarrikatu zuten. «Sektore eta interes ezberdinak dituztenen arteko elkarlana, zientzian oinarritutako irizpide teknikoak eta interes orokorra defendatuko duten erakundeen gidaritza behar ditugu», gaineratu zuten.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!