Joan den abuztuaren 22an Errekabeltzeko langan, Enirio-Aralarko lurretan, aparkatuta zegoen Zaldibiako herritar baten autoari eraso egin zioten. Lau gurpilak hustu zizkioten, lau balbulak moztuz. Ibilgailuaren jabeek larrialdi bat izan zuten, eta aparkalekura jaitsi zirenean ohartu ziren gertatutakoaz. Handik igaro zen artzain baten laguntzarekin jaitsi ahal izan zuten Beasaingo osasun zentrora, Goierriko Hitza-k argitaratu duenez. Enirio-Aralar Mankomunitateak esan du mota honetako eraso batek arduragabekeria eta errespetu falta besterik ez duela erakusten eta jarrera «erabat tamalgarria» dela esan du. «Enirio-Aralarko Mankomunitatetik, ekintza hau salatzeaz gain, bizikidetza eta errespetuaren aldeko deia egiten dugu», gaineratu du. Mankomunitateak erasoa jasan duten herritarrei babesa eta elkartasun osoa adierazi die eta mankomunitatearen esku dauden baliabideak eskaini dizkie «kasua argitu eta honelakorik berriz ez gertatzeko helburu garbiarekin».
Landarlan Ingurumen Elkarteak eta Aralar Bizirik taldeak beren aldetik, esan dute bi talde horietako kide batek jasan zuela erasoa eta elkarretaratzerako deia egin dute ostegunerako, hilak 5. Bilkura 18:30ean izango da Zaldibiako plazan, Aralarren alde, erasorik ez! lelopean. «Aralar Bizirik eta Landarlanen izenean herritarrei eta edozein eremuko ordezkariei dei egiten diegu erasoa jasan duenari eta bere familiari elkartasuna adierazi, erasoa gaitzetsi eta bizikidetzaren aldeko aldarria egiteko», esan dute.