Caixabank Masters txapelketaren bosgarren jardunaldia jokatu da asteburuan, beraz, beste bi jardunaldi besterik ez dira geratzen sailkapen fasea bukatzeko. Jokin Altuna eta Martxel Iztuetak osatzen duten bikoteak irabazten jarraitzen dute, eta laugarren puntua lortu dute asteburuan Laso eta Tolosa anoetarrari 22-19 irabazita. Altuna eta Iztueta bigarren postuan daude, hirugarren doazen Zabala-Imaz bikoteak baino puntu bat gehiagorekin. Xabier Tolosa eta bere aurrelari Lasok jasandako porrotarekin, bosgarren postuan jarraitzen dute bi punturekin eta atzeko bikoteak puntu bakar batera gerturatu zaizkie sailkapenean.
Artola-Rezusta eta Jaka-Martija bikoek ere, bi punturekin jarraitzen dute sailkapenean. Alegiarrak 22-14 galdu du sailkapeneko lider diren Etxeberria-Mariezkurrena II.aren aurka, eta lizartzarra hirugarren puntua eskuratzetik tanto bakarrera geratu da Ezkurdia-Albisurekin 22-21 galdu ostean.
Peña II.ak, oraingoan Aranguren bizkartzain zuelarik, lehen puntua lortu du Zabala-Imaz bikoteari 22-13 irabazita. Garaipen honekin, playoffetara sailkatzeko lehia betean sartu da tolosarra, eta hil edo biziko partida jokatu beharko du abuztuaren 26an, Elgoibarren, Jaka-Albisu bikotearen aurka.