Caixabank Masters txapelketan buru-belarri dihardute eskualdeko pilotariek

Endika Apalategi Labayen 2024ko abuztuaren 12a

Ekainean egin zen Caixabank Masters txapelketaren aurezkpenean. BAIKO PILOTA

Eskualdeko sei pilotari ari dira udako Caixabank Masters txapelketa jokatzen, eta ostegunean, bosgarren jardunaldiari irekiera emango zaio Azkoitian.

Lau jardunaldi jokatu ostean, eskualdeko pilotariek helburu ezberdinengatik borrokatu beharko dute falta diren hiru partidetan. Sailkapen nagusiari begiratu ezkero, Altuna III-Iztueta eskualdeko bikotea sailkapen nagusiko bigarren postuan aurkitzen da hiru punturekin, eta finalerdietara zuzenean sailkatzeko lehian ibiliko dira.

Artolak, Rezusta bizkartzain duelarik, Tolosa, Lasorekin bikotea osatuz, eta Jaka, Martijarekin batera, bi punturekin aurkitzen dira. Finalerdietara zuzenean sailkatzeko txartela ematen duen bigarren postutik puntu bakar batera egon arren, playoffetako postuetan amaitzea ziurtatu behar dute lehenik eskualdeko pilotariek, izan ere, falta diren hiru partidak irabaztea lortu ezkero ere, ez dute erraza izango lehenengo bi postuetan amaitzea.

Peña II.ari dagokionez, sailkapeneko azken postuan aurkitzen da jokatu dituzten partida guztiak galdu ostean. Atzelari lanetan diharduen Zabaletak ezin izan du partida bakar bat ere jokatu lesio baten ondorioz, eta falta diren hiru partidak irabaztera beharturik daude playoffetara sailkatu ahal izateko.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!