Gipuzkoako Bertsolari Txapelketa Urretxun hasiko da irailaren 14an, eta Donostian amaitu, abenduaren 15ean izango den finalean. 16 saio izango dira orotara, eta 48 bertsolari ariko dira kantuan. 48 bertsolarietatik 34 bertsolarik udaberrian jokatu zen Gipuzkoa Bertsotan sailkapen fasean eskuratu zuten txapelketarako txartela. Gainontzeko 14 bertsolariek duela bost urteko txapelketan eskuratu zuten txartela. Bertsolariez gain, 16 gai-jartzaile eta 15 epaile eta laguntzaile ugari izango dira txapelketan lanean.
Tolosaldeko lau bertsolari ariko dira bertsotan: Unai Mendizabal Jauregi, Beñat Iguaran Amondarain, Iñigo Gorostarzu Etxebeste Etxorde eta Oihana Iguaran Barandiaran.
Guztira 16 saiok osatuko dute txapelketa, hiru fasek eta finalak: zazpi final-zortziren, bost final-laurden, hiru finalaurreko eta finala jokatuko dira. Lehen saioa Urretxun izango da, irailaren 14an, Labeaga aretoan. Tolosaldean ere izango da saiorik; hain justu, azken final-laurdena, azaroaren 3koa Tolosan izango da. Leidor aretoan izango da, 17:00etan hasita, eta Igotz Alkorta izango da bertako gai-jartzailea.
Bost urteko hutsunearen ostean dator txapelketa, urteurren berezian. Izan ere, Gipuzkoa Bertsotan sailkapen fasean bezala, Gipuzkoako Bertsolari Txapelketan ere Gipuzkoako lehen-bertso eskolaren 50. urteurrena izango dute gogoan. Hala, udaberriko faserako sortu zuen irudiari hirugarren dimentsio bat eman dio Unai Gaztelumendik.
Saio guztietako sarrerak salgai daude Bertsosarrerak.eus webgunean. Ohi bezala, Bertsozale Elkarteko bazkideek eta gazteek prezio berezia izango dute sarreretan.