Finalak iristear dira

Ataria 2024ko ekainaren 27a

VIII. Ataria Pilota Topaketaren zazpi finalak larunbatean jokatuko dira Baliarraingo Atari Soro pilotalekuan, 10:00etan hasita.

Baliarraingo Atari Soro pilotalekuak hartuko ditu VIII. Ataria Pilota Topaketaren finalak. Larunbatean, ekainak 29, izango da finalen jaialdia, 10:00etan hasita. Lehenengo aldiz jokatuko dira finalak Baliarrainen, eta herriko hiru pilotari ariko dira bertan.

Guztira zazpi final jokatuko dira eta lehenengoa eskuz jokatuko da, benjamin B mailan: Txulobiko Imaz eta I. Aburuza adunarrak eta Zazpi Iturriko Nazabal baliarraindarra eta Zuriarrain amezketarra ariko dira. Bigarrengoa ere eskuz izango da, benjamin A mailan: Behar Zanako Zufiria eta Landa billabonatarrak, eta Tolosa elkarteko Altuna berrobitarra eta Eskudero tolosarra. Hirugarren finala ere eskuz izango da, aurtengoan berritasuna den nesken benjamin eta alebin mailakoa: Albizturko pilota eskolako Aizpurua albizturtarra eta Otsabioko Olariaga lizartzarra, eta Intxurreko Garcia alegiarra eta Albizturko pilota eskolako Pinto albizturtarra.

Palaz izango da laugarren finala, benjamin-alebin mailan: Bidania-Goiazko pilota eskolako U. Aburuza eta U. Lasa bidaniarrak, eta Ziotzako Odriozabala zizurkildarra eta Behar Zanako Elosegi billabonatarra. Bosgarrenean eskuz ariko dira alebin mailakoak, lauak Zazpi Iturrikoak: Artola eta Gorostidi amezketarrak, eta Arteaga eta Nazabal baliarraindarrak. Seigarrengoan, infantil mailakoak palaz: Intxurreko Ormaetxea orendaindarra eta Elduaien altzotarra, eta Behar Zanako Ortiz de Murua zizurkildarra eta Txulobiko X. Aburuza adunarra. Azken finalean, infantil mailakoak eskuz ariko dira: Behar Zanako Zufiria eta Larrarte billabonatarrak, eta Behar Zanako Illarramendi aiarra eta Txulobiko Navarro adunarra.

Eguna girotzen laguntzeko, Baliarraingo taberna irekiko dute herritarrek eta pintxoak eta edariak salduko dituzte bertan.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!