Atzera oholtzaratuko dute Sam

Ataria 2024ko ekainaren 13a

Jo ezak berriro, Sam! antzezlana Ikaztegietan egingo du Alegiako Intxurre antzerki taldeak. Larunbat gauean eta igande eguerdian izango dira emanaldiak; eta gaur arratsaldeak eskuratu ahal izango dira geratzen diren sarrerak.

Ikaztegietan izango da asteburu honetan Alegiako Intxurre antzerki taldea Jo ezak berriro, Sam! obrarekin. Hasieran larunbatean egiteko asmoa zuten, baina emanaldiak «izandako harrera dela medio», igandean bigarren saio bat egitea erabaki dute Ikaztegietako Udalak eta antzerki taldeak.

Bi emanaldiak kiroldegiko beheko gimnasioan izango dira: lehena, larunbatean, 22:00etan; eta, bigarrena, igandean, 12:00etan. Geratzen diren «sarrera apurrak» gaur arratsaldean eskuratu ahal izango dira Ikaztegietako udaletxean, 16:30etik 18:30era. Horrez gain, Tolosan ere eskainiko dute uztailaren 3an, Amarotz auzoko Antzerki astean.

Estreinaldi ondorena
Asteon Ikaztegietan egingo dute, eta joan den astean estreinatu zuten Alegian. Hiru saio egin dituzte Alegiako zineman, guztietan agortu dira sarrerak eta, antolatzaileen arabera, 500 lagun baino gehiagok ikusi dute antzezlana.

Asteburu «sutsua zein bizia» izan da Intxurre antzerki taldekoentzat eta eskerrak eman dizkiete emanaldia ikustera joan direnei: «Hiru egun zoragarri izan dira, aukera izan baitugu denbora luzeko lana erakusteko. Azken emaitza bezain garrantzitsua eta ederra izan da bizitako prozesua, eta osoki bete gaitu herritarrengandik jasotako berotasunak. Orain inguruko herrietan jarraituko dugu edertasun hau luzatzen, lana ahalik ondoen eginez; eskerrik asko».

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!