‘Jo ezak berriro, Sam’ obra hiru aldiz egingo dute datozen egunetan

Aitor Arroyo Askarai 2024ko eka. 5a, 11:59

Andoni Otegi eta Ane Arandia, Intxurre antzerki taldeko kideak. A. ARROYO

Estreinaldia bihar izango da, 20:00etan, Alegiako zineman; hurrengo saioak larunbatean eta igandean egingo dituzte leku berean eta, dagoeneko, ia agortu dira sarrera guztiak.

Alegiako Intxurre antzerki taldeak Jo ezak berriro, Sam antzezlana estreinatuko du bihar, ekainaren 6an, 20:00etan, herriko zineman. Biharko emanaldiaz gain, larunbatean eta igandean ere egingo dute; baina sarrerak «ia agortu» direla aurreratu dute antzerki taldeko kideek.

«Komedia bat da, baina gorabehera asko ditu. Barre egitekoa da, baina baditu hausnarketa momentuak ere. Nahasketa bat da», horrela aritu dira Ane Arandia eta Andoni Otegi Intxurre antzerki taldeko kideak estreinatuko duten obraren inguruan. «Ilusioz eta gogotsu» hitz egin dute biek ala biek, eta aitortu dute «urduritasun puntu bat» sentitzen dutela estreinaldiaren atarian.

Oholtzaratzeko lanak
Jatorrizko gidoia Woody Allen zuzendariak idatzitakoa da, eta Anjel Valdesek egokitu zuen euskarara. Antzerki taldekoek, berriz, May Gorostiagaren zuzendaritzapean prestatu dute obra, eta baditu «zenbait berezitasun». Horren adibide Allan eta Linda pertsonaiek duten «lan handia» dela-eta, rolak bina antzezletan banatzea erabakitzea.

Entseguekin iazko irailean hasi ziren, eta «zailena» elkartzea izan dela kontatu dute Arandiak eta Otegik: «Bakoitzak bere ogibidea eta beste dituenez, elkartzea izan da zailena. Apirilean estreinatu nahi genuen eta zertxobait atzeratu zaigu». Parte hartzaile bakoitzak «esperientzia maila ezberdina» duela ere esan dute, eta elkarrengandik ikasteko «aukera» bezala ikusten dute hori.

Emanaldi gehiago
Aurretik aipatutako egunez gain, badituzte emanaldi gehiago ere: ekainaren 15ean Ikaztegietan egingo dute, eta uztailaren 3an, berriz, Tolosako Amarotz auzoan. Antzerki taldekoen hitzetan, «herriz herri ibiltzea» baino gehiago, inguruko guztiek antzerkia ikusteko aukera izatea da  euren helburua. Zentzu horretan, ez dute baztertzen Alegian edo inguruko herriren batean beste emanaldiren bat egitea.

Antzezlana ikustera joateko gonbidapena ere luzatu dute biek ala biek: «Etor dadila jendea. Ez da ulertzeko antzezlan zaila, eta oso ondo pasatuko dute». Bestalde, gogoan izan dituzte antzerkia prestatzeko lanetan laguntzen aritu zaizkienak; esker onez nabarmendu dituzte, besteak beste, May Gorostiagaren lana obraren zuzendaritzan, Patxi Renobalesen laguntza eszenografian eta Arkaitz Baldaren lana argiztapenean.

 


Antzezlana iragartzeko kartela, oholtzan izango diren antzezle guztiekin.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!