Tolosaldeko ospitale publikoa

Tolosaldeko Alkateen Mugimenduak ohartarazi du bihar amaituko dela Osasun Sailaren eta Invizaren arteko hitzarmena

Ataria 2024ko mai. 30a, 16:08

Tolosaldeko osasun eremuko 31 udalerrietatik 30 herrietako alkateek osatzen duten Tolosaldeko Alkateen Mugimenduak esan du Osasun sailaren eta Asuncion Klinika kudeatzen duen Invizaren arteko hitzarmena bihar bukatuko den arren, Tolosaldeak oraindik ez duela eskualdeko ospitale publikorik. 

Hitzarmena bukatzear dagoen honetan, alkateen mugimenduak Osasun sailari eskatu dio Tolosaldeko alkateekin bildu dadila, eta bukatu den hitzarmenaren ebaluazioa egin dezala, «ditugun datuak aztertuz eta profesionalen eta Tolosaldeko herritarren eta eragileen iritziak kontuan hartuz».
 Era berean, ebaluazio hori egin bitartean, Tolosaldeko herritarren kalitatezko osasun arreta bermatzeko beharrezkoak diren neurriak hartzeko eskatu diote, eta aztertu dezala hainbat espezialitateetan Donostia ospitalean artatzeko aukera «eta Inviza S.A. enpresak trantsizio epe batean zerbitzua ematen jarraitu behar badu, bermatu daitezela hitzarmenean jasota dauden baldintza guztiak kalitatezko zerbitzua eman dadin».

Tolosaldeak kalitatezko osasun arreta publikoa izan dezan, beste aukeren artean, Asuncion Klinikaren publifikazioaren aukera azter dezala nahi dute, eta gehitu du «lehen arreta osasun sistemaren sarrerako lehen atea den heinean, Osasun sailak herrietako osasun zentroetan dauden gabeziei soluzio egonkor bat eman diezaiela».

Osasun arreta «kaxkarragoa»

Tolosaldeko Alkateen Mugimenduak gogoratu du 10 urtetik gora pasa direla eragile, instituzio eta herritar ugari Tolosaldeko osasun arretaren egoera salatzen hasi zinela. «Tolosaldeko biztanleok urte asko daramatzagu gainontzeko eskualdeak baino osasun arreta kaxkarragoa jasotzen. Eusko Jaurlaritzako Osasun sailak Asuncion Klinikarekin duen hitzarmena urteetan ez da bete. Klinika pribatu batek asistentzia publikoa ematen du gainontzeko ospitale publikoen kalitatezko estandarrak bete gabe», esan dute alkateek.

Eusko Jaurlaritzako Osasun sailak Asuncion Klinikari zerbitzua eman dezan 25 milioi euro inguru ordaintzen dizkiola nabarmendu dute eta ospitale publikoa ez izateak Tolosaldeko osasun arretaren kalitatean eragin negatiboa duela gaineratu dute. «Eusko Jaurlaritza eta Invizaren arteko hitzarmen hori indarrean egon den bitartean, eta dauden irregulartasunak aintzat hartuta, Eusko Jaurlaritzari eskatu izan diogu hitzarmenaren jarraipen zorrotza egin eta gure osasun arretaren kalitatea berma zezan. Eusko Jaurlaritzak, ordea, ez du hitzarmen honen betetze maila eta diru horren erabileraren jarraipenik egin eta herritarren eta eskualdeko ordezkarien eskariaren aurrean beste alde batera begiratu izan du». 

Bukatzeko esan dute, Tolosaldeko alkateok «kezkaz eta arduraz» bizi dutela egoera hau eta eskualdeko biztanleen kalitatezko osasun asistentzia «ez dela bermatzen» kontuan izanda Osasun sailari dagozkion ardurak bere gain har ditzan eskatu diote.  

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!