Tolosaldeko ospitale publikoa

Osasun Sailaren bide-orria ez dela nahikoa uste dute eskualdeko alkateek

Ataria 2024ko ots. 5a, 16:20

Juan Inazio Zinkunegi (Bidania-Goiatz), Andu Martinez de Rituerto (Tolosa), Pili Legarra (Asteasu), Igor Zapirain (Ibarra) eta Inaki Irazabalbeitia (Alkiza) alkateak, gaur Tolosako anbulatorioaren kanpoan eginiko agerraldian.

Tolosaldeko Alkateen Mugimenduak uste du Asuncion publiko egitea aukeretako bat izan daitekeela; ospitale berriaren kokapenaz zalantzak dituztela adierazi dute.

Tolosaldeko Alkateen Mugimenduak uste du Osasun Sailak duen bide-orria ez dela nahikoa Tolosaldeko osasun arretari bere osotasunean erantzuteko. Batetik, Osasun Sailak mahai gainean jarritako plan funtzionala ondo aztertu behar dutela adierazi dute, «eta orain arteko zerbitzua berbera bada, aukeretako bat oraingo Asuncion Klinika publiko egitea izango litzateke eta eskualdeko lehen arreta orokorki indartzea». Bestetik, ospitale berriaren kokapenari dagokionez, azterketa sakonak egin beharko dituztela gehitu dute, «trafiko handiko gunea baita».  Gure kezkak sorrarazten dizkigu. Beraz, ospitale berri bat egin beharko balitz, guk ere beste kokalekuren bat jarri nahiko genuke mahai gainean». 

Horretarako, Tolosaldeko Alkateen Mugimenduak azterketa finantzario bat egitea eskatu dio Osasun Sailari, «inbertsio eraginkorrena zein den aztertzeko, alegia, Asuncion Klinika publiko egitea edo ospitale berria egitea, eta eskualdeak dituen benetako behar sanitarioei aurre egiteko asmoz». 

30 alkate 
Agintaldi berriarekin batera, Tolosaldeko Alkateen Mugimendua berriro ere martxan jarri zen. Mugimendura hainbat alkate gehitu dira, eta une honetan, Tolosaldeko Erakunde Sanitario Integratua osatzen duten alkate guztiek osatzen dute, Larraulgoak izan ezik. Beraz, 31 udalerritatik, 30 udalerrik egin dute bat mugimenduarekin. 

«Nahiz eta osasun arreta ez izan udalen zuzeneko eskumena», Tolosaldeko osasun arretarekin kezkatuta eta herriaren eskaerei erantzun bat bilatzeko asmoz, eskualdeko zenbait alkatek Tolosaldeko Alkateen Mugimendua sortu zuten aurreko legealdian. Alkateen Mugimenduaren helburua «osasun arreta publiko egoki bat izatea» dela azaldu du Igor Zapirain Ibarrako alkateak, eta horretarako, ezinbesteko ikusten dutela ospitale publiko integral bat izatea: «eskualdean lehen arreta indartsua eskainiko duena eta gure hizkuntzan artatuak izateko eskubidea bermatuko diguna. Hau guztia, nola ez, Asuncion Klinikako langileen eskubideak eta etorkizuna albo batera utzi gabe».

Gaia aztertzeko hainbat bilera egin dituzte Gotzone Sagardui Eusko Jaurlaritzako osasun sailburuarekin, TOPA Tolosaldea Osasun Publikoaren Alde Plataformarekin, LAB eta ELA sindikatuetako ordezkariekin, eta, Asuncion Klinika kudeatzen duen Inviza enpresako Jesus Gomez Montoya gerentearekin.

Hain zuzen, iragan urteko abenduaren 11n elkartu ziren Osasun sailburuarekin, ospitale berriaz, eskualdeko lehen arretaren egoeraz, etorkizuneko hizkuntz irizpideez eta Asuncion Klinikaz eta bertako langileen etorkizunaz hausnartu eta eztabaidatzeko. Bilera horretan, ospitale berrirako aukeratutako kokapenak sortzen dizkien kezkak ere adierazi zizkiotela Osasun sailburuari azaldu du Andu Martinez de Rituerto Tolosako alkateak: «besteak beste, azaleraz espazio mugatua delako, trafiko handiko gunea delako eta ordu jakinetan kotxe ilara luzeak sortzen direlako». Sailburuaren erantzuna, berriz, tinkoa izan zela kontatu du: «Eskualdeko ospitalea, Iruñea hiribideko aparkalekuan, suhiltzaile etxearen aurrean eta Iurreamendi egoitzaren azpian, eraikitzeko erabakia irmoa da».

2024ko aurrekontuetan proiektua idazten hasteko partida aurreikusia dutela adierazi zien Osasun sailburuak, eta 2029an bukatzea aurreikusten dutela. Zerbitzuei dagokionez, berriz, plan funtzionalak jasotzen dituenetara mugatuko da, «ekarpenak egiteko aukerak erabat itxiz».

Asuncion Klinika
Asuncion Klinikari dagokionez, ez dute inolako irtenbiderako berririk jaso. Pili Legarra Asteasuko alkateak jakinarazi bezala, «Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak argi utzi du ez duela Asuncion Klinika publifiko egiteko inongo asmorik. Ospitale berria eraikitzeko erabakia irmoa dela jakinarazi digute eta eraiki bitartean, hau da, 2029ra bitarte, orain arte bezala, Asuncionekin hitzarmena sinatzen jarraituko dute».

Asuncion klinika eskualdeko enpresarik handiena dela dio Legarrak: «350 langile ditu, eta urteak daramatza zerbitzu publiko bat ematen». Horregatik, Tolosaldeko Alkateen Mugimenduak argi du Asuncionen eta bertako langileen etorkizuna argitu arte eskualdeak osasun arretarekin duen arazoa ez dela erabat konponduko.

Alkateek adierazi dutenez, «denbora aurrera doa, baina eskualdeko osasun zerbitzua ez doa hobera». Horregatik, lanean jarraituko dutela esan dute: «herritarren osasun arreta erdigunean jarriz, dugun ardurari helduko diogu eta lanean jarraituko dugu, herritar, langile, erakunde eta bestelako agenteekin elkarlanean». Izan ere, alkateen ustez, alde guztien arteko «adostasun zabala» da osasun arreta egoki bat izateko «bermerik onena».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!