Kostaldera egunpasak egiteko ohitura berreskuratu nahi dute

Aitor Arroyo Askarai 2024ko maiatzaren 29a

Bidania-Goiazko 2019ko Tipi-tapa saioetako une bat. ATARIA

Bihar Oriora joango dira Albizturko, Bidania-Goiazko eta Errezilgo hainbat erretiratu, Saiaz mankomunitatetik antolatutako irteeran; guztira, 32 batek eman dute izena.

Duela lauzpabost urte kostaldera irteerak egiteko dinamika jarri zuten martxan Bidania-Goiazko eta Errezilgo (Gipuzkoa) eguneko zentroetan. Irteera egunean zentroak itxi eta egunpasa itsasoa ikustera joateko ohitura hartu zuten onuradunek eta langileek, baina hainbat arrazoi zirela medio, egiteari utzi zioten. Usadioa birsortu nahi dute Saiaz Mankomunitatetik, eta bihar egingo dute estreinako irteera Oriora (Gipuzkoa).

Hiru herrien artean, guztira, 32 bat adinekok eman dute izena irteeran. Goizetik abiatu eta bazkalordura arte Orion egongo dira; eguerdian, Boga Boga jatetxean bazkalduko dute eta arratsaldean itzuliko dira.

Galdu eta berreskuratu
Aurrez aipatutako eguneko zentroetan irteerak egiteari utzi zioten hainbat arrazoirengatik, besteak beste, lehen egoiliar gutxiago zituzten eta horiek irteerak egiteko «baldintzak betetzen» zituzten, baina, urteek aurrera egin ahala, gora egin du egoiliarren kopuruak eta okerrera egin du hainbaten egoera fisikoak ere.

Hori dela-eta, eguneko zentroak egun batez ixteko ohitura alde batera utzi behar izan zuten, eta neurri berean, egunpasak egitea. Orain, ordea, Saiaz Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateak berreskuratu nahi du ohitura, eta toki ezberdinetako adinekoak elkartuko dituzte, hain zuzen, bi egunetako zentroetako hainbat egoiliar, Tipi-tapa ekimenetako kideak eta eguneko arreta programako erabiltzaileak.

Elena Rikondo Saiaz Mankomunitateko langileak azaldu du «erronka» izan dela guztientzako irteera antolatzea, baina «ilusioz» hartu duela: «Askorentzat gauza berria da. Nabaritzen da gogoa badagoela, eta baita ilusioa ere».

Hari berari tiraka, adinekoentzat ekimenak «hainbat onura» dituela ere aipatu du, horien artean, aukera ematen diela etxetik zen herritik ateratzeko, esperientzia berriak izateko eta lagun edo harreman berriak egiteko.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!