Elkarrizketa

«Garrantzitsua da umeei disfrutatzen uztea»

Imanol Garcia Landa 2024ko mai. 22a, 17:00

Beñat Beloki, txapelarekin ezkerrean, Ioritz Egigurenekin 2012ko Hitza Pilota Txapelketa irabazi zuenean.

Gogoan du Beñat Belokik (Bedaio, Tolosa, 1997) Hitza Pilota Txapelketa irabazi zuenekoa, 2012an. Ioritz Egigurenekin lortu zuen txapel hura. Egun Amezketako Zazpi Iturri pilota elkarteko arduradunetako bat da.

Zer oroitzapen duzu Hitza Pilota Txapelketan irabazitako txapelaz?

Gogoan dut 2012an Beotibarren jokatu genuela finala, Peru Labaka eta Salegiren aurka. Txapelketa polita jokatuko genuela pentsatzen dut; orduan Hitza Pilota Txapelketa zena oso gustura jokatzen genuen eta txapela lortuz biribildu genuen eta ikusten da argazkian poz-pozik gaudela.

Finalean 18-3 irabazi zenuten.

Berez estuagoa izango zela pentsatzen genuen, eta erraz irabazi genuela dut gogoan. Txapelketa urtero gogorra izaten zen, Tolosaldea inguruan maila dezentekoa zegoen, eta garai hartan Nafarroatik ere etortzen ziren jokatzera. Txapelketa garrantzitsua eta polita izaten zen.

Sari banaketako argazkian, Jon Ander Albisu eta Patxi Ruiz pilotari profesionalekin zaudete.

Orain dela hamabi urte, hamabost urte genituela, profesionalak guri begira egoteak ilusioa egiten zizun. Normalean gu egoten ginen beraiei begira, eta gaur egun ere bai, eta adin horretan ilusioa egiten dizu horrelako pilotariak zu ikusten egoteak.

Orokorren Hitza Pilota Txapelketaren inguruan zer oroitzapen dituzu?

Guretzako txapelketa ederra zen. Lehen behintzat gure adinean partida asko jokatu behar izaten genituen Nafarroan eta Errioxa inguruan. Gipuzkoako Txapelketak izaten genituen, baina txapelketa pribatuak jokatzeko aukerarik ez genuen izaten Gipuzkoa mailan. Guretzako etxean bertan eta etxe ondoan horrelako txapelketa bat izatea gauza ederra zen, eta ez guretzako bakarrik, gurasoentzako ere bai, hainbeste kilometro ez zirelako egin behar.

Orain Zazpi Iturri pilota elkarteko arduradunetako bat zara.

2020an Amezketako kluba hartu genuen, eta hor segitzen dugu, bertako haurrei eta ingurukoei dakiguna erakusten eta pilotaz disfrutatzen. Nik uste dut hori dela garrantzitsua, umeei disfrutatzen uztea; gero etortzen dira dedikazio gehiagorekin hartu beharreko urteak.

Nola hartzen dute egungo pilotari gaztetxoek Ataria Pilota Topaketa?

Umeei ilusio berezia egiten die. Asko ez dira mugitzen partidak jokatzera, kanpora joan behar delako. Beraz, ilusioa egiten die hemen inguruan partidak jokatzeak, eta batzuek lehen aldiz galtza zuriak jartzen dituzte; familiakoak joaten dira partidak ikustera, eta denei ilusioa egiten die horrelako egitasmo batean parte hartzeak. Aurten Amezketako pilota eskolatik pilotari askok eman dute izena, eta gustura gaude. Bide batez, aprobetxatzen dut aukera hau eskerrak emateko Ataria Pilota Topaketa aurrera eramaten duten guztiei, eta bereziki Luis Galarragari, egiten duen lan guztiarengatik.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!