Puntu garaienera iritsi dira

Ataria 2024ko maiatzaren 19a

Eguraldi aurreikuspenak euri gehiago egingo zuela eman arren, nahiko ateri eutsi dio San Migeleko anoa eta kontrol guneak.

Lekunberriko gunetik pasa ondoren, Iribas igaro eta Ata bailaratik gora egin dute mendizaleek. Igoeran lokatza dezente topatu dutela azaldu dute, baina gehienak irribarretsu iritsi dira San Migel gunera, bertan zeudenen txalo artean. XIV Orduak martxaren puntu garaiena da, eta hortik aurrera Aralarko gainak zeharkatzea falta zaie, ondoren Amezketara jaisteko. Hainbat mendizale askok gertukoak izan ditu zain San Migelen, eta mokadutxoa hartzeko ere baliatu dute.

Eguraldia portatu da, eta ez du euri gehiegirik egin. Lainotuta zegoen eta tarteka zirimiri pixka bat egin du. Hori bai, San Migeletik aurrera, Guardetxe parean, 14:15ak aldera zaparrada mardula bota du, kazkabarra eta guzti.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!