Jarraitu XIV Orduak martxa 'Ataria'-n

Ataria 2024ko mai. 16a, 16:00

Igandeko ibilbideko argazki eta bideoak izango dira ikusgai 'Ataria.eus-en, eta asteartean egunkari berezia izango da.

Ohi baino bereziago dator XIV Orduak mendi martxa. Izan ere, 1967. urtetik aurrera, Olinpiar Jokoen urtean, lau urtean behin egin ohi da ibilaldia, baina azkena duela zortzi urte egin zen, 2016an. 2020an, Koronabirusa tarteko ez zen martxarik izan. Zortzi urte igaro dira beraz, azken martxa egin zenetik, eta itxaronaldia ohikoa baino luzeagoa izateak mendizaleengan bertan parte hartzeko irrika ere areagotu du.

1.500 mendizale baino gehiago elkartuko dira igandean, Tolosako Berazubin, 05:00etan, ibilaldiari hasiera emateko. 68 kilometro egin eta igaro beharreko zazpi pasagune kontroletatik pasa ondoren, Berazubin amaituko dute martxa, gutxieneko 12 ordutan eta gehienezko 16tan. Ehunka mendizaleren parte hartzeari, euren lagun eta ingurukoen presentzia eta martxa ikustera gerturatzen direnena batu behar zaio, beraz, igandekoa mendiaren bueltako festa handia izatea espero da.

ATARIA-k leku berezia egingo dio bere euskarri guztietan. Hala, biharko astekarian, esaterako, mendi martxaren nondik norako guztiak emango ditu, hala nola, ibilbidearen xehetasunak, jakin beharrekoak eta antolatzaileen elkarrizketak. Ostiralean nahiz larunbatean egongo dira eduki horiek Ataria.eus-en.

Hain justu, webgunea izango da igandean XIV Orduak jarraitzeko biderik egokiena, hasten den unetik bukatzeraino bertan izango baita. Beraz, martxaren irteerako argazki nahiz bideoak ikusi ahalko dira goizean goiz, eta parte hartzaileak Lekunberritik, San Migeletik, Igaratzatik nahiz Amezketatik nola igarotzen diren erakusten duten irudiak ere bertan egongo dira ikusgai. Tolosako Berazubi estadioan amaituko da ibilaldia, eta bertara mendizaleak nola iristen diren ere webgunean jarraitu ahalko da.

Bestalde, mendi martxaren ostean, asteartean, egunkari berezia kaleratuko du ATARIAk. Ohikoa baino zortzi orrialde gehiago izango ditu, eta tarte berezia izango du XIV Orduak martxak, bertako argazki, inkesta nahiz antolatzaileen balantzearekin.

'ATARIA'-REN GUNEA AMEZKETAN

Amezketan izango du bere txokoa ATARIAk. Bertan, ATARIAren materiala izango da eskura, eta Atarikide egiteko aukera ere izango da. Beraz, Amezketara gerturatzen diren mendizale guztiak gonbidatuta daude gunera.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!