Eguzkik aldiriko trenean iragarritako murrizketak salatu ditu

Ataria 2024ko apirilaren 29a

Gaurtik aurrera Irun-Brinkola aldirietako trenek ordutegi murriztuagoa dute. Horren aurrean Eguzki talde ekologistak esan du «minimo historikoetan» zegoen zerbitzuak okerrera egin duela.

Eguzkik nabarmendu du gaur hasi diren murrizketei gehitu behar zaiela «eguneroko ogi izan diren trenen atzerapenak nahiz zerbitzuak kentzeak, horiek, itxura guztien arabera, jarraituko baitute». Atzerapen eta murrizketa horiek guztiak Abiadura Handiko Trenaren obren ondorio direla esan du eta salatu du oraindik ez dakitela «milioiak eta milioiak xahutu eta xahutzen jarraitzen duen AHTa noiz iritsiko den, ezta exekutiboak eta turistak bakarrik garraiatuko dituen». Gehitu du badakitela lan horiek bukatu bitartean «ohiko trenak, herritarrek egunero lanera edo ikastera joateko erabiltzen duten trenak, etengabe narriatzen jarraitzen duela».

Eguzkiren ustez ez da kasualitatea Renfek murrizketen berriak iragartzeko hauteskundeak igaro arte itxaron izana, «izan ere, lehenago eginez gero, ziur gaude kanpainan baten bati kontrako eztarritik joango zitzaiola mugikortasun iraunkorrari eta garraio publikoaren abantailei buruzko diskurtsoa».

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!