Aldiriko trenean aldaketak astelehenetik aurrera

Ataria 2024ko apirilaren 25a

Abiadura Handiko Trenaren lanen ondorioz, tren kopurua murriztu eta bidaia denbora handituko da bi zentzuetan.

Renfek adierazi duenez, astelehenetik aurrera Irun-Brinkola aldirietako trenek ordutegi aldaketa izango dute. Izan ere, Lezo-Irun eta Hernani-Donostia zatietan Abiadura Handiko Trenari dagokion lanen ondorioz errail bakarretik igaroko da trena. Horren ondorioz, tren gutxiago izango dira, eta bidaia denbora handituko da.
 
Hala, adibidez, orain arte astegunetan Tolosa eta Donostia artean 41 tren bazeuden aukeran, astelehenetik aurrera 24 izango dira, eta puntu batetik besterako iraupena 7 minutu handiagokoa izango da, batez beste.
 
Renfetik esan dute eskaintza murrizteak ekarriko duen eskaerari aurre egiteko, Irun eta Brinkola arteko zenbait tren konposizio bikoitzean ibiliko direla. Gainera, aldiriko bidaiariek Distantzia Ertaineko trenak erabili ahal izango dituztela gogoratu dute. Distantzia Luzeko eta Ertaineko trenek ez dute maiztasun kopurua aldatuko bi noranzkoetan, baina bidaia denbora 8-10 minutu luzatuko dute batez beste.
 

Renfek ordutegia begiratzeko gomendatu die erabiltzaileei, bai Renferen webgunean, mugikorraren aplikazioan, estazioetako paneletan edota 943 84 12 51 zenbakira deituta. 

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!