Lauburu Ibarrak ligaren finala jokatuko du

Imanol Garcia Landa 2024ko martxoaren 13a

Lauburu Ibarra taldeko kideak, otsailean, Kopa irabazi ostean. LAUBURU IBARRA

Areto futboleko Gipuzkoako emakumezkoen senior mailako liga bere bukaerara iristear da. Lauburu Ibarra geratu da sailkapeneko lehen postuan eta bigarren egin duen Antiguokorekin batera finala jokatuko dute. Apirilaren 13an izango da partida erabakigarria, baina oraindik ez dago zehaztuta non izango den.

Finalean izatea «polita» dela esan du Eneritz Rodrigo Lauburu Ibarrako kapitainak: «Denboraldi osoan egindako lanaren isla izan daitekeelako. Liga etxera ekarri nahi dugu denboraldia errematatuz, kontuan izanda kopa ere lortu genuela. Gogotsu gaude finalerako».

Denboraldian zehar partida guztiak irabazi dituzte, eta denboraldia «ahalik eta ondoen» bukatu nahi dute. «Hilabete luze bat dugu finala prestatzeko, eta ahalik eta ondoen saiatuko gara egun horretako neurketa prestatzen. Saiatuko gara ere ahalik eta gehien disfrutatzen, eta gauzak ez badira ateratzen nahi bezala, gure artean animatzen eta laguntzen», zehaztu du Rodrigok. Liga etxera eramaten badute «oso pozik» egongo direla gaineratu du, baina ez badute lortzen, denboraldian zehar egindako guztiarekin geratuko direla. Hain justu, gogora ekarri du ligan lau talde izan arren, aurrera atera dutela, eta adin guztietako neskak animatzen ditu areto futbolean aritzera.

Anoetari eta Ama Samaniego-Orixe Tolosalari euren arteko partida falta zaie denboraldiari amaiera emateko. Ostiralean jokatuko dute, 21:00etan, Anoetan. Irabazlea hirugarren sailkatuko da ligan eta galtzailea laugarren. Partida horrekin bukatuko dute denboraldia.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!