Inauterietako pilotakadaren auzia

«Zauritutako pertsona ez zegoen han kasualitatez»

Ataria 2024ko mar. 5a, 13:33

Begian Ertzaintzaren pilotakada jaso zuen billabonatarra «istiluaren parte» zela esan du Josu Erkoreka Segurtasun sailburuak.

Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako Segurtasun sailburuak Gobernu Kontseiluaren bileraren ostean esan du Tolosako Inauterietako astelehen goizaldean Ertzaintzaren pilotakaden harira zabaldutako barne ikerketa «funtsean» bukatuta dagoela. Ikerketatik bi ondorio nagusi nabarmendu ditu: pilotakadaz zauritutako billabonatarra «istiluen barruan» zegoela eta foam jaurtigaiak errebotez jo zuela begian.

Erkorekak esan du barne ikerketa Tolosako instrukzio epaileari bidali zitzaiola pasa den astean. Era berean, Euskadiko Poliziaren Kontrol eta Gardentasun Batzordeak ere eskatu du txostena eta hara ere bidaliko dutela azaldu du. «Eginiko lana eta ikerketaren ondorioak bidaliko ditugu, aztertu dezan, bere analisia egin eta ondorioak atera ditzan, legeak ematen dion eskumenen barruan». 

Erkorekak adierazi duenez, Ertzaintzaren barne ikerketaren ondorio nagusia da zauritutako billabonatarra ez zegoela han kasualitatez: «Ez zegoen han paseatzen, ez zegoen istiluak ikusi eta alde egiten; istiluen barruan zegoen, botilak eta harriak jaurtitzen zituzten eta arpegia estalita zutenen alboan zegoen bere grabazioa egiten».

Bigarren ondorioa da foamak ez zuela zuzenean aurpegian jo, «aldez aurretik botila bat eskuetan zuen beste bati besoan eman eta errebotez jo zion. Kolpearen ondorioz botila eskuetatik lurrera erori zitzaion, eta errebotez jo zion aurpegian zauritutako gazteari».

Erkorekak esan du ez duela gehiago sakonduko ez duelako nahi adierazpen horiengatik norbaitek aurpegiratzea epailearen lana baldintzatu nahi duela. «Eta are gutxiago, Gardentasun Batzordearen lana baldintzatzea nire adierazpenak direla eta. Batzorde horrek bere eginkizuna du eta bere balorazioa egingo du bidaltzen zaion informazioarekin».

Villabonako EAJko zinegotzi Arantzazu Rojok Ertzaintzaren ikerketaren inguruan zabaldu zituen datuak kontuan hartuz, filtrazioen inguruan galdegin diote Segurtasun Sailburuari. Azken urteetan gairik garrantzitsu eta delikatuenetan izan direla filtrazioak Ertzaintzan esan du. «Organizazioak eta sailak atsekabez hartzen ditu horiek, kasu batzuetan ikerketak oztopatu ere egiten dituztelako». Esan du jakin nahiko lukeela nork egiten dituen filtrazioak, batez ere, ikerketak aurrera egitea zailtzen den kasuetan.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!