Artolak eta Imazek ezustekoa eman dute

Ataria 2024ko martxoaren 4a

Artola eta Imaz, Binakako Pilota Txapelketaren partida batean. BAIKO PILOTA

Finalerdietako lehen jardunaldian, faborito ziren Jaka eta Mariezkurrena II.ari irabazi diote. Altuna III.ak eta Martijak galdu egin dute beraien partida.

Binakako Pilota Txapelketaren finalerdietako lehen jardunaldia jokatu da asteburuan, eta ezustekoa izan da partidetako batean, Jaka eta Mariezkurrena II.ak galdu egin dutelako. Artola eta Imazek irabazi dute, 13-22,beraien lehen puntua lortuz, eta euren aurka irabazteko asko sufritu behar dela erakutsiz. Mariezkurrena II.a kexatu egin zen aurkariek ateratako pilota bat «hasieratik oso motela» zelako: «Aukeraketan esan genuen moduan, pilota hori ez da ateratzeko modukoa. Haiek ondo moldatu dira pilota horrekin. Ez da aitzakia, eta gu gaizki moldatu gara».

Beste finalerdian Altuna III.ak eta Martijak ezin izan dituzte garaitu Peio Etxeberria eta Zabaleta, 14-22 galduz. Zabaletak gehiago agindu du, eta Peio Etxeberria fin aritu da errematean. Altuna III.a ez zen gustura aritu: «Hasieratik, nahiz eta irabazten joan, ez ditut sentsazio onak izan. Ez zitzaidan pilota ondo sartzen eskuan. Aldea ateratzeko aukera izan dugu, baina guk oparitu dugu».

Datorren jardunaldian, irabazleak euren aurka arituko dira, eta galtzaileei gauza bera egokituko zaie. Larunbatean, martxoak 9, Artola-Imaz eta Peio Etxeberria-Zabaleta ariko dira nor baino nor, Iruñeko Labrit pilotalekuan. Igandean, Jaka-Mariezkurrena II eta Altuna III-Martija bikoteen txanda izango da, Bilboko Bizkaia frontoian.

Iztuetak lehen partida galdu du

Promozio mailako Serie B Txapelketan, Martxel Iztueta tolosarrak eta bere aurrelari Agirrek galdu egin dute finalerdietako lehen partida, Larrazabal eta Eskirozen aurka, 13-22. Beste partidan, Egiguren V-Eskuza bikoak 22-13 irabazi zion De la Fuente-Bikuña bikoari. 

Ostiralean jokatuko dituzte bigarren jardunaldiko partidak, Zumarragan, Beloki pilotalekuan. Larrazabal-Eskiroz eta Egiguren V-Eskuza, batetik, eta Agirre-Iztueta eta De la Fuente-Bikuña, bestetik.

Erlazionatuak

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!