Inauterietako pilotakadaren auzia

Errebotez jaso zuela pilotakada dio lehen txostenak

Ataria 2024ko ots. 29a, 13:45

Beste gazte bati besoan eman ostean iritsi zitzaiola foam jaurtigaia zehazten du Segurtasun Sailak eginiko txostenak; Arantxa Rojo Villabonako EAJko zinegotziak atzo eginiko osoko bilkuran txostenaren hainbat datu eman zituen ezagutzera.

Eusko Jaurlaritzaren Segurtasun Saila Tolosako Inauterietako astelehen goizaldean billabonatar gazte bat begian larri zauritu zuen gertakaria ari da ikertzen, eta lehen txostena igorri dio epaitegiari, hainbat komunikabidek argitaratu dutenaren arabera.  Argitaratu denaren arabera, txostenak dio Xuhar Pazos gazte billabonatarrari foam jaurtigai batek eman ziola begian. Txostenak zehazten duenez, beste gazte bati jaurti zitzaion, eta honi besoan jo ostean iritsi zitzaion billabonatarrari, begian larri zaurituz.

Arma horrek lau tiro egin zituela dio argitaratu den informazioak, eta tirokatu zuen agentea ere identifikatu dutela gaineratzen du. Baita, agenteek gau hartan jaso zituzten aginduak ere. Epaitegira bidalitako txostenak dio, era berean, Ertzaintzaren agenteek protokoloa bete zutela, «foam jaurtigaiak 50 metro baino gehiagoko distantziatik jaurti baitziren». Arauak zehazten du 30 eta 50 metro arteko distantziatik jaurti daitezkeela, eta gorputzaren behealdera jaurti daitezkeela soilik.

Txostenak dio bestalde, Ertzaintzaren furgoneta bat bertaratu zela istiluen kontrako unitateko sei agenterekin, eta horiekin batera Ertzaintzaren hainbat unitate eta udaltzainak ere gerturatu zirela. Ikerketak dioenez, agenteei botilak eta latak bota zizkieten, «horregatik foam jaurtigaiak erabili behar izan zituzten». Jaurtigai horietako batek jo zuen txostenaren arabera, gazte baten besoan, eta errebotez billabonatarraren begian.

Eusko Jaurlaritzako Segurtasun sailburu Josu Erkorekak iragan gertakariari buruz galdetuta erantzun zuen gau hartan hiru izan zirela orotara zaurituak.

Foam jaurtigaia tirokatu zuen arma prezintatuta eta gordeta dago une honetan. Ikertzaileek inauterietako astelehen goizaldean liskarrak egon ziren zonaldean dauden kameretako irudiak eskatu dituzte, «grabaketak ikusi eta gertatutakoa argitze aldera».  

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!