Inauterietako pilotakadaren auzia

Erkorekak argibideak eman ditu inauterietako gertakariaren inguruan

Ataria 2024ko otsailaren 21a

Eusko Jaurlaritzako Segurtasun sailburu Josu Erkorekari inauterietako astelehen goizaldean egongo litzatekeen hirugarren zaurituaren inguruan galdegin diote, horrek epaitegietan gertatutakoa salatu duela zabaldu baita.

Erkorekak esan du Astelenita goizaldean borroka bat egon zela eta bertan pertsona batek ukabilkada jaso zuela aurpegian, eta horren ondorioz joan zela Ertzaintza Beotibar kalera.«Pertsona hori ospitalera eraman zuten eta ebakuntza bat egin diote». Bigarren zauritu baten inguruan ere hitz egin du: «Astelehenean bertan eman genuen horren berri eta barne ikerketa bat egiten ari gara zehazteko benetan Ertzaintzaren parte hartzearen ondorioz, horren ostean edo horrekin zerikusirik ote zuten jaso zituen zauriak».

Berriak atzo argitaratu zuen hirugarren zaurituari buruz esan du Ertzaintzak ez duela horren berririk. Zauritu hori ez zela ospitalera joan eta anbulantzian bertan artatu zutela esan du: «Horren inguruan Ertzaintza ikerketa egiten ari da ofizioz, bere kabuz. Larrialdietako zerbitzuei deitzerakoan adierazi zuen zauri hori botilakada batek sortua zela». «Hau da gau hartako zaurituei buruz dakiguna», gehitu du.

Hiru zauritu egon ziren beraz, Astelenitan eta horietako bik jarri dute salaketa; begian pilotakada jaso zuen gaztearen familiak eta beste gazte baten familiak, Tolosako udalak berretsi duenez.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!