Gutxigatik ez dira sartu finalera Saralegi eta Regillaga

Ataria 2024ko otsailaren 26a

Unai Regillaga, ezkerrean, eta Unai Saralegi, eskuinean, Espainiako selekzioko beste kide batzuekin, asteburuan, Belgikan.

Judo Klub Tolosako judokek EJU Kata Tournament nazioarteko proban parte hartu dute, Belgikan.

Unai Saralegi tolosarra eta Unai Regillaga amezketarra Belgikako Louvain-La-Neuve herrian izan dira asteburuan. Judo Klub Tolosako kideek bertan EJU Kata Tournament proban parte hartu dute, Nage No Kata modalitatean, Europa mailako kata zirkuituko lehen txapelketa. Bertan Europa eta mundu mailan dominak lortutako 7 bikote zeuden, tartean beraiek. Bi sailkapen multzo egin dituzte, eta Saralegi eta Regillagaren multzoan horietako bost izan dira, eta multzo batetik hiru bakarrik pasatzen ziren finalera.

Orokorrean lan ona atera zaiela azaldu dute, «baina mugimenduetako batean akats bat izan dugu eta hor joan zaizkigu puntu polit batzuk». Azkenean multzoko laugarren geratu dira hirugarrenengandik 0,5 puntutara, finalera pasa ezinik.

Hurrengo proba asteburu honetan izango dute, Alacanten. Bertan Espainiako Kopako proba bat jokatuko da.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!